Hamabostgarrenean, aidanez

Hamabost oin garai den kalean, alegia, lurzorutik lau metro eta erdi gorago. Han goian garatzen da Calgaryko erdiguneko hiri-mugimendu kontrolatu eta itxia, eguraldia kaskarra denean, batez ere. Hiriko downtown-eko etxe-orratzetan lan egiten duten lepo zuridunek ez dute zertan behealdeko ohiko kalea zapaldu. Hori jende arruntari uzten zaio.


16 kilometro luze den +15 edo Plus 15 sarearen planoa, 2007ko maiatzean (handiago ikusteko, sakatu gainean) / Calgaryko Udala

Mugimendu Modernoak aldarrikatu zuen kalearen espezializazioaren azken urratsa da Calgaryko Plus 15 sarea. Hasierako helburua oinezkoa kotxeengandik babestea zen, baita baldintza klimatologiko gogorrengandik ere. Hala ere, nago ez ote den gizarte-banaketa eragiteko beste hirigintza-tresna bat: txiro eta eskaleei ez zaie Plus Fifteen-era igotzen uzten. Edo hobeto esanda, sartzen uzten zaie, publikoa baita, baina polizia-kontrolaren bidez itoarazten. 1980ko negu gorrian, esaterako, Calgaryko prostitutek ohiko kale hotza utzi eta goiko zubien epeltasuna aukeratu zuten lantoki gisa. Berehala piztu ziren kexa publikoak, harik eta poliziak Plus 15-etik oinez patruilatuz zuzentasun-giroa berreskuratu zuen arte [1].


Bi igarobide jasoren ikuspegia / Qyd (CC-BY-SA)


Igarobide baten barnealde girotu eta aseptikoa / komierowski100

Azken urteotan kritika ugari jaso ditu 1966an gauzatzen hasi zen Calgaryko kale-sare baztertzaileak. Gaurdaino eraikitako 57 zubiek kanpoko kalerako argi-sarrera nabarmen murrizten dute, kalearen giroan —bi zentzutan— eragin negatiboa dutela. Ondorioz, kale-giro eta bizitasun handiagoa dago zubi hauen presentziarik ez duten auzoetan. +15 sareak, gainera, komertzio-ibilbide bat eratzen du, kale-mailako denda txiki askoren itxiera bultzatu duena.

Aipatutako arrazoiak direla-eta zubien gehienezko zabalera 6 metrotara murriztu badute ere, Calgaryko Udalak +15-a sustatzen jarraitzen du, bulego-eraikinak sarean txertatzearen truke eraikigarritasun gehiago emanez eraikitzaileei.


Plus Fifteen espazioan antolatutako arte-zirkuitu baten planoa (handiago ikusteko, sakatu irudian) / Calgaryko Udala

Batzuek hiri analogoa deitu duten horren adibide esanguratsua dugu Calgarykoa. Bertako kale jasoen sareak, finean, publikoa eta pribatuaren arteko usadiozko dikotomia lausotzen du, 800 hektareako erdigune osoa hipermerkatu erraldoi bihurtuz, ohiko kalearen kaltetan.


[1] SORKIN, MICHAEL (Argit.). Variaciones sobre un parque temático. La nueva ciudad americana y el fin del espacio público. 1. argitalpena. Bartzelona: GG, 2004. 165. orr. ISBN 84-252-1969-8

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude