Quetglas sorgintzailea

Pasa den astean Josep Quetglas irakasle katedradunaren bisita izan zuen Donostiako Arkitektura Eskolak, Le Corbusierren inguruan antolatutako ziklo baten aitzakian. Quetglasena ez zen entzun ahal izan zen ahots bakarra, baina bai sorgintzaileena.

Quetglasen hitz-jarioa estilo berezikoa izan zen. Lasai egin zuen hitz, zehazki, gauzak alferrik errepikatu gabe, eta misteriozko aparteko giroa sortuz. Sakonki aztertua du Le Corbusierren lan guztia, eta gaia ondo menderatzen duenaren segurtasunaz aritu zen. Entzuleak sorgindu egin zituen, ohi duen moduan.


Hitzaldiaren osteko mahai-ingurua. Ezkerretik hasita, Alberto Ustarroz, Mikel Garai, Manuel Iñiguez, Stanislaus von Moos, Arthur Rüegg, Santos Barea, Juan Calatrava eta Josep Quetglas / Egilearen argazkia (cc-by-sa; handiago ikusteko, sakatu irudian)

Bere hitzaldiak izenburu zirikatzaile samarra zuen: “Ronchamp –
Barnetik
“. Hau da, Le Corbusierren Notre-Dame-du-Haut

kaperaren barnealdea soilik —barnea eta kanpoa banangarriak
bailiran— aztertzeko asmoarekin etorri zen
arkitekto balearra. Baita sakonki aztertzea lortu ere.

Ronchampekoa proiektu bakana da arkitekturaren historian, zein Le Corbusierren lanen artean, eta a posteriori hezurmamitutako irakurketa ugari egin izan dira hura azaltzeko eta arrazoitzeko asmoz. Kaperaren barnea antzoki batekin alderatu zuen Quetglasek, zeinetan obra bat antzezten den. Teoria horren barnean txertatu zituen Ronchampeko elementu nagusiak, hots, sarrera, estalkia, zorua, paretak, eserlekuak eta aldarea, forense baten zorroztasunarekin.


Ronchampeko kapera barnetik / ajbeyea

Hitzaldiaren osteko mahai-inguruaren amaieran, Quetglasek ohar bat luzatu zion entzuleari: “gerta daiteke Le Corbusierrek pentsatu ez izana nik azaldu ditudan gauza guztiak, baina nire diskurtsoak kapera-proiektuaren inguruko zertzelada berriren bat azaldu badio norbaiti, orduan berbaldia baliagarria izan da“.

Datorren ostegunean, bigarren rounda: “Ronchamp – Kanpotik“.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude