Iñaki Usandizagarekin solasean

Iñaki Usandizaga arkitekto gasteiztarrarekin solasean izan gara, arkitektura postmodernoaren inguruan, horixe baita kaleratu berri den Aldiri aldizkariaren 3. zenbakiaren gaia: Postmodernoak, gaur. Aldizkarian arkitektura postmodernoarekin zerikusia izan zuten beste arkitekto batzuei (Migel Garai, José Ignacio Linazasoro, Alberto Ustarroz, Javier Cenicacelaya, Iñaki Galarraga, Anton Agirregoitia eta Iñaki Peña) egindako elkarrizketak aurkituko dituzue, bestelako azterketa eta artikuluekin batera, ohi bezala. Horra Usandizagak eskainitako solasaldia, aperitibo moduan:


Judimendi gizartetxea; Gasteiz, 1989 (Iñaki Usandizaga, F. Ruiz de Ocenda, J. R. Castillo eta C. Muñoz) / Argazkia: Yrithinnd (CC-BY-SA)

Arkitektura postmodernoa entzun, eta zer datorkizu burura?

Arkitektura-ikasketak bukatu berri nituela, garai hartako (gerora Postmodernitatea deitu zaiona) ikuspegiek errespetua sorrarazi zidaten. Aldo Rossiren ideia berritzaileek zer pentsa eman zidaten. Baina gerora, pentsamendu horretatik eratorritako estilismoari eta itxura barrokoari gehiegikeria deritzot.

Garai hartan Donostian antolatu ziren “Semanas de arquitectura” jardunaldietan izan zinen? Nola bizi zenituen?

Karrera bukatu eta Donostian doktoretza-ikastaroak burutu nituen, eta orduantxe ezagutu nituen printzipio postmodernoak. Ez nuen jardunaldietan egoteko aukerarik izan; betidanik Postmodernitatearekin izan dudan harremana horrela izan baita: kanpoaldetik bizi izan nuen, pentsamenduan edo arkitektura-estiloan nahasi gabe.

Zer dela-eta arkitektura postmodernoak eragin berezia izan zuen Euskal Herrian?

Egia esan, ez dakit Euskal Herriaren eta Postmodernitatearen goraldiaren arteko harremana zertan den. Nik uste indar handia zuten arkitekto gazte multzoa biltzearen zein aldiberekotasunaren eta kasualitatearen ondorioa izan zela.

Zergatik arkitekto postmodernoak izandakoek egun ukatzen dute mugimenduan egon izana? Non da arkitektura-pentsamendu honen ospe txarra?

Garai bakoitzak bere adierazpidea behar du, eta hori gertatzea beharrezkoa eta ulerkorra da gainera. Postmodernitatearen estiloa ez da gaurkoa baino hobea edo txarragoa. Moda kontua dela uste dut…


Eusko Jaurlaritzaren bulegoak; Gasteiz, 1993 (Iñaki Usandizaga eta F. Ruiz de Ocenda) / Argazkia: Garikoitz Estornes Zubizarreta (Auñamendi)

Nola laburbilduko zenituzke arkitektura postmodernoaren ekarpenak?

Esan beharra dago hastapeneko ideologiak indar eta eragin handia izan zuela nigan; tipoa eta tipologiaren aldeko hausnarketak kasu, edo hiriaren berreskurapenaren gainekoak. Gogoeta hauek arkitekto guztiek egin beharrekoak direla uste dut, eta karrera amaitutakoan, arkitektoaren betebeharrak zeintzuk ziren bideratzeko oso baliagarriak gertatu zitzaizkidan. Baina hauek ez dira arau modura erabili behar, baizik eta ezagutza izan eta kasuan kasu egokitzeko kabida izan behar dute, bestela ondorio bortxatuegietara eramango gaituzte.

Antzinako arkitektura balioan jartzea beharrezkoa ikusten dut, gaur egun ere. Garai hartako gertakizun bat biziki gogoratzen dut: Gasteizko Abastos plaza suntsitu zuten adibidez, zaharra zegoelakoan, eta arkitekto multzo bat mugitu egin ginen enparantza mantentzearen alde, izan ere, berritasunaren aldeko apologia ikaragarria zegoen, berria beti zaharra baino hobea zelakoaren sinismenean…

Garai hartako zorroztasun geometrikoaren falta sumatzen al duzu gaur egun?

Pertsonalki arkitektura minimalista edo arkitektura modernoarekin bat egiten dut, non konposaketak eta formak balioa galtzen duten eta eraikuntzaren zilegitasunak indarra duen. Modaren tikek garaikide izateko balio dute besterik ez, eta askotan tik horiek erabiltzen badituzu, ez da erabaki pertsonalagatik, baizik eta bezeroaren eskakizunagatik…

Garai hartatik interesatzen zaizun eraikinen bat aipatzekotan, zein azpimarratuko zenuke?

Aldo Rossiren Gallaratese auzunea edo Migel Garairen garaiko eraikinak azpimarratuko nituzke.

4 Comments

  1. “Modaren tikek garaikide izateko balio dute besterik ez, eta askotan tik
    horiek erabiltzen badituzu, ez da erabaki pertsonalagatik, baizik eta
    bezeroaren eskakizunagatik…”Ostras! Aztertzeko moduko esaldia…

  2. Gai oso interesgarria iruditzen zait zenbaki berrirako. Donostiako Eskolaren anbientean, adibidez, nahiz eta irakasle asko posmodernismoan barruraino sartuta egon diren arren, ez da esplizituki horretaz hitz egiten. Jarrera elkarrizketa honetan somatzen denaren antzekoa dela ematen du: “moda bat izan zen, gazteak ginen, …” Ez da diskurtso serioa arkitektura eskola batean mantentzeko. Gainera, orain askok daukaten “modaren” kontrako obsesio hori (“haurtzaroko trauma” moduko bat?) ez al du beste era batera diskurtso serio bat eragozten? “Garaikide izateko” nahi hori ez al da arkitekturaren oinarrizko eta betiko elementuak ezagutzea bezain garrantzitsua? Gauza ezberdinak al dira?Eskerrik asko Aldiriri gure inguruko perspektiba teorikoa zabaltzen saiatzeagatik. Ez dakit beste “pomo”ek zer esango duten ale honetan, baina elkarrizketa honetan azaltzen den antzeko iritzia erakusten badute, ematen du generazio horri ezin zaiola esfortzu teoriko seriorik gehiago eskatu.

  3. Kaixo, Daniel. Bakarrik esango nizuke elkarrizketetan denetarik dagoela. Guri ere oso gai interesgarria iruditzen zaigu, batez ere Donostiako Arkitektura Eskolaren ikuspuntutik, eta esan beharra dago ez dela apenas aipatzen, tabua balitz bezala. Esango nuke, zure hitzak hartuz, garai hartan “garaikide izatea” eta “arkitekturaren oinarrizko eta betiko elementuak ezagutzea” bat zirela. Paperekoan “esfortzu teoriko serioa” egiten saiatu gara 😉

  4. Ados nago zurekin. Nire ustez behintzat, Eskolaren ikuspuntutik arazoa ez da generazio horretako (Eskolaren sortzaile izan zena) irakasleek gaur egun “garaikidetasun” falta bat izatea, baizik eta benetako analisi teoriko bat (autokritikaz aparte) egiten ez direla saiatzen. Eta unibertsitatean “diskurtso kritiko” minimo bat egiteari uko egitea gauza larria da. Postmodernismoaren analisi faltaren kasuan, hain da handia haren efektua eta hain gutxi hitzegiten da hortaz, zuk esan bezala tabu bihurtu dela. Eta tabua eta unibertsitatea bateraezinak direla pentsatu zitekeen.Beharbada larregi jartzen dut enfasia Eskolako arazoetan, baina arkitekturaren diskurtsoan honek izan beharko lukeen garrantzia oso inportantea iruditzen zait. Eta ziur nago ale berrian argiago ikusiko dudala, baina ematen du garai hortan Eskola gutxienez bazela eztabaida lekua.

Utzi erantzuna daniel(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude