Metropoliaren ondorengoa

Anjel Martin Ramos hirigile errenteriarrak hitzaldi interesgarria eman zuen atzo Gasteizko Artium museoaren aretoan. “Hiriaren ondorenerako lau ikuspegi” izenburupean, metropolien ondoren datorkigunaren inguruan mintzo zitzaigun.


Hitzaldiaren ikuspegia / Egilearen argazkia (CC-BY-SA)

Martinek azaldutako lau ikuspegietatik azkena iruditu zitzaidan aipagarriena: Edward W. Sojarena, alegia. Soja geografo eta hirigile estatubatuarra dugu, baita hiriaren inguruko pentsalari eragin handikoa ere. Ezaguna da termino berri ugari sortu dituelako hirietako fenomeno garaikideak deskribatzeko. Los Angeles bezalako hiri erraldoien azterketatik ondorioztatu zuen postmetropoliaren sorrera.

Postmetropoliak 6 ezaugarri edo osagai ditu, Sojaren esanetan:

  1. Flexcity edo hiri malgua: postmetropolia aldakorra da, eta merkatuaren eskakizunetara aise moldatzen da. Industriala izatetik komertziala izatera igaro daiteke urte gutxitan.
  2. Kosmopolia: postmetropolia globalizazioaren erakusgarri da eta bertan munduko beste muturrean hartutako erabakien ondorioak antzematen dira.
  3. Exopoliak: postmetropoliak kanpoaldean jasaten ditu hazkunderik handienak. Hiriguneak biztanleak galtzen ditu, aldirian erdigune berriak sortzen diren bitartean (edge city-ak ere esaten zaie).
  4. Hiri fraktala edo hiri polarizatua: postmetropolia polo zatikatuen arabera antolatzen da. Hiriaren barnean ghetto gisako beste hiri batzuk agertzen dira, zeinetan biztanleak taldekatzen diren hainbat ezaugarriren arabera: etnia, lanbidea, sinismena…
  5. Kartzela-hiria edo artxipelago-hiria: postmetropolia auzo itxiez osatua dago, zeinetan auzokideek eskubide konstituzionalei uko egiten dieten segurtasunaren truke. Auzo harresituok espazio publikoaren amaieraren hastapena osatzen dute.
  6. Simcity edo hiri simulatua: postmetropolia simulazioaren hiria da, non alegiazko errealitateak artifizialki eraikitzen diren, Disney World-en bezala.


Los Angeles gauez / Jim Murphy (CC-BY)

Ideia hauek 2000an argitaratutako Postmetropolis: Critical Studies of Cities and Regions liburuan sakon azaldu zituen Sojak (Google books-en aztergai duzue). Jada hamar urte eduki arren, ezinbestekoak dira eskualde-hiri garaikidea ulertzeko, eta eskertzekoa da Anjel Martinek modu ulerkorrean iragazi izana.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude