Esperientzia periurbanoak

Atzo esperientzia oso periurbanoa bizi izan nuen. Denbora dezente egon naiz mendiko jaka bat erosi nahian, eta nire auzoko denden aukera baztertuta (mendiko arropa teknikoaren prezioak badakizue non dauden) oso ezaguna den azalera handiko kirol-kate batera joatea erabaki nuen. Horretarako, lehenik eta behin etxetik bidaia prestatu behar izan nuen; txikitan bezala, baina oraingoan ez nintzen gurasoekin Frantzia aldeko Carrefour-era joango, Madrilgo periferiako merkatal zentro batera baizik.
 
Beraz, metroa hartu eta Plaza Castillatik irteten den 157c autobusa hartu nuenean hasi zen nire abentura. Hirigintzaren arloan gabiltzanontzat oso esperientzia interesgarria izan daiteke Madrilgo zentrotik kanpora ateratzea. Autoz. Edo autobusez. Hiriaren beste aurpegi bat ezagutzeko aukera da, horrela izan zen niretzat behintzat; hemen, hiri zentrotik eta garraio publikoan bakarrik mugitzen bainaiz.


157c autobusaren ibilbidea / GoogleEarth

Castellanaren ipar aldea eta bere lau dorre aseptikoak atzean utzi eta gero, M-30 eta A-1ean Madrilera sartzeko izugarrizko trafikoarekin egin nuen topo. Oso oldarkorra, presazkoa. Baina hori arratsaldeko gauzarik hunkigarriena izango zela pentsatzen hasia nintzenean, justu momentu hartan, autobusak pare bat bira eman eta Las Tablas-eko PAU (Programa de Actuación Urbanística) erdi-erdian sartu zen. Norabide bakoitzeko hiru bideko errepide hutsak (benetan, huts-hutsik, beste pare bat autobus eta laupabost auto besterik ez nituen ikusi), dimentsioz kanpoko espaloi eta kale hutsak ere, eskolatik umea zekarren amama bat eta txakurrarekin eguneroko ibilalditxoa ematen ari zen neska bat besterik ez nituen ikusi. Kantoi batean, itxaropena: denda batzuk eta taberna bat, azken honen terraza beteta, jende nahiko gaztearekin eta itxura ona zeukana. Horretaz gain? Norabide guztietara begiratuz gero, etxebizitza-promozioak, espazio publikora itxiak. Autobusetik azterketa azkar bat egin ostean, ekipamendu eta zerbitzu publikoen falta nabaria zen eta hiri-planteamendua ere okerra zirudien. Niri, behintzat, ez litzaidake gustatuko gune horretako geltoki batean jaistea, alperkeria edo beldurragatik akaso. Las Tablas-en pertsona bakarra igo zen autobusera. Gizon nagusi bat, supermerkatuko poltsa batekin; geltoki batean igo zen hurrengoan jaisteko. Agian ibiltzea kostatzen zaio, adinagatik agian nekatuko da. Agian. Edo agian ez zaio sekula bururatu kale aspergarri, deseroso, eskalaz kanpoko eta triste horietatik ibiltzea.

Hurrengo ikuskizuna: Telefónica-ren egoitza nagusia
Las Tablas-etik atera eta bat-batean, tamaina izugarriko eraikin bat ageri zen. Mega-eraikin bat, normaltasunaren barnean sailkatu ezin den egitura. Ez nuen ezer ulertzen; zer ote zen hori? Kanpoan inor ez, oso opakoa, lar berria zen. Eta orduan, erantzuna: Telefónicaren egoitza nazionala zen. Tamaina erdiko hiri baten azalerakoa. Las Tablas-eko PAU eta La Moralejaren artean kokatuta, bere metro-geltokiaz ere.


Telefónicaren egoitza nagusia eta Bilboko zazpi kaleak aurrez-aurre / GoogleEarth

Une horretatik aurrera edozertarako prest nengoen. Bizitzeko auzo desegokia, artefaktu telefoniko bat segidan… Eta ondoren etorri zena esperokoa zen: La Moraleja Green merkataritza-gunea erdi-erditik zeharkatu zuen autobusak, hiru errotonden ostean, beste merkataritza-gune bateranzko bidea hartzeko. Hori zen nire helmuga. Abentura amaitzear zegoen. Edo hori zirudien…

Berezko bideak
Ezagutzen ez ditudan lekuetara joaten naizenean bidaia prestatzea gustatzen zaion tipo horietakoa naiz. Behintzat planoari pare bat begidara botatzen dizkiot. Eta denbora izatekotan, batez ere leku periferikoak direnean, Google Maps-en Street View tresnaz baliatzen naiz erreferentzia fisiko batzuk hartzeko. Beraz, horrela egin nuen, eta nire erreferentziei kasu eginda, autobusa metalezko zubi baten ondoan zegoen geltokian gelditu zenean, hortxe bertan jaitsi nintzen.

Ai! Zubia berdin-berdina zen, eta inguruak ere bai, baina geltokia ez zen nirea. Aurrera jo nuen. Eta hor, oinezkoen kontrako paisaia hartan, bi aukera nituen: hurrengo autobusaren zain geratu, edo nire helmugara heltzeko bide bat bilatzea. Horrelako abenturak, bai hirian bai periferian, gogokoak ditut, beraz, egia esanda pozik nengoen horrelako erronka baten aurrean. Ibiltzen hasi nintzen, nire senari jarraituz.

Geltokia merkataritza-gune erraldoi baten ondoan zegoen eta logikak (etxean ikusitako planoa gogoratuz) hurrengo merkataritza-gunera iristeko aparkalekua zeharkatu behar nuela esan zidan. Eta horrela egin nuen, baina aparkalekua amaitzen ari zela, ez zirudien horren ostean biderik ez beste ezer zegoenik. Metalezko hesi bat besterik ez. Hala ere, begirada bat botako dut, esan nion nire buruari. Ikusitakoak aho bete hortz utzi ninduen. Biderik ez zegoen, ez, baina berezko bidea bai. Getxoko Aizkorri hondartzara jaisteko antzeko bidea. Beharrak egindakoa eta izengabeko eskuek hobetua (egur eta metal zatiekin landuta). Buztina eta belarra zapaldu, zuhaitzen azpitik pasa, eta bi edo hiru pertsonekin gurutzatu ondoren beheko errepidera heldu nintzen. Hantxe bideak jarraitzen zuen eta nire helmuga  ia-ia begi bistan nuen.  


Argazkiak: Ion Etxabe Gutierrez

Oinezkoak ez, eskerrik asko
Azken tartera heldu, eta zebra-bide bat besterik ez zen falta merkataritza-gunera iristeko. Baina bestaldean espaloia eteten zen, belar artean ezarritako harriak besterik ez zeuden. Harriak, buztina, eta belarra beste behin ere. Baina bidexka hauek ez ziren esku ezezagunen lanari esker egindakoak, merkataritza-guneko urbanizazio-lanen parte ziren. Oinezkoei eta haien ibilbideei kasu handirik egin gabe martxan jarritako lanak, suposatzen dut. Nire aurretik zihoan bikoteak bere trikimailuak erakutsi zizkidan, agian egunero hortik pasatzeko beharragatik findutakoak. Harrizko eta buztinezko azken zati hori pasa eta aparkalekuan agertuko ginen bai edo bai, ez zegoen beste aukerarik. Azkenik, merkataritza-guneko atetik gertu ginenean, orduan bai, hantxe oinezkoentzako esparru zabal bat. Gu bai garela garrantzitsuak, noski baietz!


Argazkiak: Ion Etxabe Gutierrez

4 Comments

  1. Kar-kar… interesgarria, zure abenturatxo aldiritarra, Ion! Espero dut nahi zenuen jaka aurkitu izana ;-)PS: Telefonicaren eraikina, beldurgarria. Google Earth-ekin neurtu berri dut: 585 x 245 m (!!).

  2. jaka merkea+garraioa+galdutako denpora= jaka garestia (!) pentsatuko du batan batek…eta esperientzia? eta bizi izan duzun abentura? eta ikasi duzuna? hori ez da ez, diruagaz ordaintzen (anuntzioak dioen legez)! kar kar kar…ai ene…

  3. Bart, Vicisitud y Sordidez bloga irakurtzen, Ionekin eta bere txangoaz gogoratu nintzen, Satanasen erreinuan barrena, gixajoa, narru polarraren bila joan zen euskaldun jatorra…http://vicisitudysordidez.blogspot.com/2010/11/satan-es-mi-senor-parte-3-las-14.htmlbide batez, goian atxiki dudan estekan oso pasadizo dibertigarria agertzen da: “Ironiya Sudby” pelikula sobietikoan, antza, tipo bat mozkortzen dute, eta Moskura doan tren batera sartu; Moskura heltzen denean, konturatzeke oraindik hiriz aldatu dela, bere helbidea ematen dio taxista bati, eta satanismoaren hirigintzaren poderioz, bere jatorrizko hiriko helbidea eta Moskukoa berdinak dira, ta etxe mota ere igual-igualak, komunismoaren estiloak aginduta. Horrela ba, gure mozkor maitekorra berea ez den etxe batera sartzen da, Bertso-hop koplak kontatu bezala.madrilgo PAUetan agian kolorin kolorado efektuak hori ekidituko luke…hirigintza satanikoaren aldarrikapena IA!!

Utzi erantzuna Ion Etxabe Gutierrez(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude