Desazkundea eta bizitze ona topaketak (III)

‘SORTZEN DABILTZAN PARADIGMA BERRIAK: zailtasunak eta erronkak’ [otsailak 8]

Arratsaldeko lehen saioa Magdalena Leónen eskutik etorri zen. Bera, goizean entzundako Luis Macasen kontrapuntua dela esan genezake. 2008an onartutako Ekuadorreko konstituzioan ‘bizitze ona’ kontzeptua barneratu zuten (aurrekoan ere aipatzen zen arren). Macasen ikuspuntutik ‘bizitze ona’ eta egungo estatua bateraezinak dira, eta izango dira, markoa aldatzen ez den artean.

Azken urteotan, Magdalena León ‘bizitze ona’ren eta horren inplikazio ekonomikoen inguruan aritu da, ‘garapena’ren paradigma alternatibo bezala. Testuinguru honetan, Ekuadorreko prozesu konstituziogilean aholkulari-lanetan ibili da, eta hainbat politika publiko eta eremu arauemaileren definizioan.

Orain arteko disoziazio ekonomiko eta sozialaren aurrean, giza elkarbizitza eredu berri bat eraikitzea erabaki zuten, naturarekiko aniztasun eta harmonian, horrela, Sumak Kawsay edo ‘bizitze ona’ lortzeko.

‘Bizitze ona’ren ardatza ekonomian oinarritu dute, baina ez orainarteko ekonomiaren ulerkeran, osotasun batekin ikusitako ekonomiaren ulerkeran baizik (hau da, bizitzarako beharrezkoak diren aspektu material eta ez materialekin).

Merkatuaren/norbanakoaren zentraltasun batetik bizitzaren/kolektiboaren zentraltasunera pasatzea proposatu dute (artisautza, merkatu kapitalista batean, negozioa litzateke, bere baitan duen aberastasunaren zati handi bat desagertaraziz).

Erronka handia da bizitzaren (eta ez kapitalaren) osotasuneko gauzatze bat bermatzeko gizarte eta ekonomia oso baten berrantolaketa. Iraultza bat da bere baitan, baina ez dute inor hil, hor jarraitzen dute lehengo partehartzaileek beraien interesekin.

Lanaren eta aisiaren kontrajartzea, irudikari nahikoa matxista (emakumezkoek beti ‘lanak’ pluralean ikusten baitituzte) eta ‘mendebaldar’tzat kontsideratu zuen, lanorduak aisiaren mesedetan laburtzeko joera azpimarratuz. Aisialdi-denborak baino ez omen du kontatzen mendebaldekoentzat, eta ez produkziozkoak (hau ere bizitzea den arren).

Aldaketa nabarmenetako bat, emakume indigenekiko ikuspegia ei da: lehen, haien gabeziengatik epaitzen ziren; orain aldiz, beraien jakintza eta ‘bizitze onerako’ ekintzak hartzen dira kontutan, eta bizitzarako ekonomiaren elementu nagusi kontsideratzen dira.

‘Bizitza ona’ Ekuadorreko konstituzioan jasotzerako orduan, ber-definizio ekonomikoak beharrezkoak izan dira. Herentzia neoliberal eta tirabirak jaso dituzte oinordetzan, eta orain egoera horri buelta emateko bideak asmatu beharrean daude.

Hori da beraien erronka.

Arratsaldeko saioan, atsedenaldiaren ordez, Basauriko ‘Las kapritxosas‘en ikuskizuna egon zen aretoan bertan, ikuslegoaren artean mokadu gustagarriak banatuz agurtu zirelarik.

Serge Latouche entzutetsuak itxi zuen lehenengo eguna.

Woody Allenek esan omen zuen: gizadia, giza-espeziea desagerketara daraman bidegurutze batera iritsi da. Honek ongi aukeratzea espero zuela esan zuen Latouchek.

Etsipena izan zen hurrengo hitza. Egungo ereduak, etsipena ezagutu duela. Hazkunderik gabeko hazkundearen etsipena. Lehman Brothers-ekin ezagutu zuen, adibidez. Ezarritako hersturarekin ezagutu du. Duela gutxi, Frantzian 9 eta 10 urteko haurrak suizidatu dira. Ezkerrak ere, produkzioaren nostalgia izaten jarraitzen duela esan zuen. Eta halako gizarte bat, ezin dela demokratikoa izan.

Kontsumo gizartea fagozitatzen utzi da, eta kontsumitzea, biztanleen betebeharra bihurtu da.

Aztarna ekologikoaren mundu mailako grafikan batazbestekoaren gainetik kokatzen garen arren, Happy Planet Index erakuslea aplikatzean, grafika alderantzikatu egiten dela dirudi. Gure gizartean hain presente daukagun publizitateak ongi daki, asebetetze-tasa baino frustrazio-tasa altuagoak sortu behar dituela. Jende zoriontsuak ez du kontsumoarekiko menpekotasun hori.

Zergatik bultzatu desazkundea? Gizartea, esku ikusezin batek gidatzen du, kapitalak. Nola moztu burua burtsari, behinola erregeei bezala? Desazkundea alternatiba matrize bat bezala aurkezten da. Utopia zehatz hau gauzatzerako orduan, gizarte autonomo ororen oinarri kontzeptuala azaldu zigun hizlariak, herrialde guztietan aplikagarria: bertutezko zirkulua.

Gizonak harrapari izateari utzi eta lorazain on batean bilakatu behar duela esan zuen. Demokrazia berriz asmatu eta berlokalizatu, hankak ditugun tokian bizi.

2007an, Le Monde Diplomatique egunkarian hauteskunde programa bat argitaratu zuen, hauteskundeetara aurkeztera joango balitz bezala. Ez zuen aurkezteko asmorik, bere aburuz, botuen portzentaje minimo bat lortzeak ez bailuke ezer konponduko. Garrantzitsuena, gizarte mailan eragitea denekoaren iritzia azaldu zuen, eta orduan, behin indar hori izanda, alderdi politikoak estutzea.

Gure beharrizanak mugatzea izan omen daiteke zoriontsuagoak izateko bidea. Dena eginbehar kontsideratzen dugu, beharrizanen multzo baten ordez, eta azken hau izan beharko litzateke erreferentea, ez merkatua.

Gizarteak bere biztanleak zaintzen dituen era, desazkundearen adierazle garbia izan daiteke. Irudikariak deskolonizatzen doazen heinean, aurrera pausuak emango ditugu. Ezin baita ongi bizi, gainontzekoak gaizki bizi badira.

Gandhik aipatu zuen: ‘Era xumeagoan bizi behar gara, beste batzuek (soilik) bizi ahal izateko’.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude