Urgull mendiaren azpitik

Donostiako Urgull mendiaren azpiko tunel bat imajinatzen al duzu? Esaterako, Alde Zaharreko Trinitate plaza eta Pasealeku Berriko Bardokas plazatxoa lotuko lituzkeen tunela? Eta, adibidez, tunelaren erdian igogailu bat edukiko lukeena Urgullen gailurreko Mota gaztelura igotzeko?


Urgull azpiko balizko tunela (490 m) eta igogailua (80 m) / Egilearen eskema

Bada, ez dakigu ibilbidea goiko eskeman adierazitako berdin-berdina izango ote zen, baina 1939ko proiektu bitxi batek antzerakoa proposatu zuen. Ez da txantxa. Tunelaren atea ikus daiteke hurrengo irudian, Trinitate plazarako altxaera erakusten duena:


Donostiako Alde Zaharra eraberritzeko proiektua, 1939

Irudia Auñamendi Eusko Entziklopedian topatu dugu. Azalpenean adierazten da tunelaren ideia. Ibilbidea goiko eskeman gorriz dagoena izan balitz, tunelak 490 m inguru edukiko lituzke, Alde Zaharra eta 1919an irekitako Pasealeku Berria lotuz, eta igogailuak 80 m igoko lituzke.

Erokeria dirudi, baina Aurelio Galfettik Bellinzonako Castelgrandera igotzeko antzerako proiektu bat eraman zuen aurrera duela hogei urte.


Castelgrande gaztelura iristeko tunela eta igogailua, Bellinzona, Suitza. Aurelio Galfetti, 1983-1989

Urgull mendiaren azpiko proiektua berreskuratuko al da etorkizunean?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude