Jabetza eta alokairuaren artean

Euskal Herrian aski ezaguna den alorrean dago SostreCívic irabazi asmorik gabeko elkarte katalanak proposatzen duen etxebizitza-eredua: jabetza eta alokairuaren erdibidean den kooperatibismoan. Horixe azaldu zuen urriaren 17an Raül Robert Oleas SostreCívicen sortzaileak, bai Gasteizen, goizez, Eusko Legebiltzarreko Etxebizitza Batzordean, bai Donostian, arratsaldez, Etxebiz-Hitza plataformak antolatutako hitzaldian.

Erabilera-lagapena helburu duten etxebizitza-kooperatibak egitea da SostreCívicek proposatzen duena, hain zuzen ere. Ohiko zatiketa horizontala alde batera utzita, eredu honetan kooperatiba higiezin edo eraikin osoaren jabe da, eta, kooperatibistek, etxebizitzak erabiltzeko eskubidea soilik dute, sarrera-ordainketa eta hileko errenta bigunen truke. Errenta horren neurrian datza, hain justu, ereduaren gakoa: eraikin osoaren hipoteka amortizatu ahala, jaitsi egiten da, ez igo, ohiko alokairuekin gertatu bezala. Kooperatiba utzi nahi izatekotan, sarrera-ordainketa eta etxean egindako berrikuntza-gastuak berreskuratzen dira, baina etxebizitza ezin da saldu, kooperatibarena delako.

Euskal Herrian babes ofizialeko etxebizitza-sustapen ugari egin dira kooperatiben bidez, egia, baina horrek ez du zerikusirik sistema honekin. Hau ez da eraikitzeko kooperatibismo behin-behinekoa soilik, zeinetan saleroste-kontratuak sinatu bezain laster kooperatibak desegiten diren, baizik eta higiezinen bizitza osoa kudeatzeko kooperatibismo iraunkorra. Eta «esperimentuak gaseosarekin» esaeraren jarraitzaile eszeptikoek ezin dute saihestu Europan 100 urte daramatzatela mota honetako etxebizitzak egiten, eta, gaur egun, adibidez, erabilera-lagapen bidezko 125.000 etxebizitza daudela Danimarkan bakarrik.

Etxebizitza-kooperatiba hauen sustapenak erabat pribatuak izan daitezke, jakina, baina etxebizitzaren ohiko sistema espekulatibotik kanpo dauden heinean, laguntza publikoa edukitzea erabat justifikatuta legoke. Administrazioaren babesa oso garrantzitsua litzateke, batez ere lurzoruak eskuratzeko orduan. Gainera, lurzoruek publiko izaten jarraitu lezakete, azalera-eskubide gisa lagako balira. Eraikin osoa kooperatibarena izateak azalera-eskubidearen balizko salmenta nabarmen oztopatuko luke. Eta hori ez da hutsala: gogoratu azken urtean azalera-eskubide gisa lagatako lurzoru publikoen bi salmenta masibo lotsagarri gauzatu dituela Eusko Jaurlaritzak.

Bada garaia Europako beste hainbat herrialdetan aspalditik sortu diren erabilera-lagapeneko etxebizitza-kooperatibak hemen ere sustatzeko. Ez dute etxebizitzaren arazoa konponduko (aspaldi utzi genion konponbide osoetan sinesteari), baina beste alternatiba bat eskain dezakete etxebizitza duin batean bizitzeko omen dugun eskubide teoriko hori eskuratze aldera. Gardentasuna, irabazi asmo eza, autokudeaketa eta eskuragarritasuna etxebizitzaren munduarekin ere bateragarriak izan daitezke.

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2011ko urriaren 29an]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude