Eraikuntza suspertzeko panazea

Azterketa burutsuak eta gero, Frantziako zein Espainiako gobernuak ondorio berera iritsi dira azken asteotan: krisialdiak jota dagoen eraikuntzaren sektorea suspertzeko onena da gehiago eraikitzea.

Ia bost urteko geldialdia eta gero hori da proposatu duten errezeta sakona. Eta gehiago eraikitzeko, maila handiko logika berdinarekin jarraituz, gehiago eraikitzen uztea omen da gobernuen betebeharra. Eskaintzaren igoerak berak magikoki handituko du eskaera. Eta ingurumena? Eta hainbeste aipatutako iraunkortasuna? Et, et, et… ez dira lirikarako une goxoak.

«Datozen hiru urtetarako, lursail, etxe eta etxebizitza-eraikin guztien eraikigarritasuna % 30 igoko dugu, legebiltzarrak onartu bezain pronto», esan zuen telebistan Sarkozyk, iragan urtarrilaren 29an. Nikolas Txikik patxadaz hausnartutako neurria baino, gehiago dirudi aurreko gauean UMPren hauteskunde-kanpainako aholkulariari burututako txantxa bat, laugarren pastisa edan eta gero. Dagoeneko inor gutxi harritzen da, hala ere. Eta ez da hain arraroa, Sarkozyk berak 2010eko Parisko Nekazal Nazioarteko Erakusketan bota zuena eta gero: «Ingurumenari buruzkoak entzuteaz nekatuta nago!». Batzuek esan dute orain proposatutako neurria ez dela berria, 2009 eta 2010eko Grenelle legeetan jada antzerako eraikigarritasun-saria eskuratzeko aukera bazegoela. Lege haietan, ordea, energia-eraginkortasuneko ziurtagiria eskuratzearen truke oparitzen zen eraikigarritasun-bonusa. Nolabait esateko, eraikitzaile ekologikoenak saritzen ziren. Oraingoan, berriz, gutxieneko eskakizun hori ere ezabatuko da.

«1988ko Kosta Legeak ez dio utzi eztabaida eta segurtasun juridikorik eza sortzeari. Hondartzen okupazioaren gaineko irizpideen aldaketek ostalaritza-sektoreko ordezkariak urduri eta kolokan utzi dituzte», esan zuen Madrilgo legebiltzarrean Miguel Arias Cañete Espainiako Ingurumen ministroak, pasa den otsailaren 1ean. Kosta Legearen aldaketa sakona iragarri da, beraz, hazkunde ekonomikoaren izenean, kosta ahala kosta. Dar-dar egiteko modukoa. Raxoik 2011ko maiatzean jada bere asmoak aitortu zituen, «txiringitoak maite ditugu!» gogoangarria ozen aldarrikatuz; mundua ulertzeko modu bat oso ondo laburbiltzen duen esaldi filosofikoa. Hilda izanagatik, Fragaren itzala luzea baita: Francoren Turismo ministro zenak «Spain is different» lelo famatua ezagutarazi zuen 1962an, atzerriko dibisak erakartzeko asmoa zuena, hondartza eta eguzkiaren truke. Cañetek garapenkeria frankistaren garai hura izango du gogoan, kostaldean barreiatuta dauden Algarrobicoak legeztatzeko atea irekiko dela iradokitzerakoan.

Aipatutako bi berriak etsigarriak dira, baina garapen iraunkorraren oximorona argitzen lagundu dute: ingurumena oztopo da garapen ekonomikorako, eta, hortaz, eraikitzen hasia ginen ingurumen-ongizatearen estatua ere eraitsi beharra dago. Lurrari, baina, ezin zaio moratoriarik eskatu ingurumen-faktura beranduago ordaintzeko.

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2012ko otsailaren 18an]

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude