Arkitektura Eskolako sarrera

Euskal Herriko Unibertsitateak eraberritzen dihardu Donostiako Arkitektura Eskola. Aldaketa nabarmenena sarreran jazoko da: Maule kaletik Oñati plazara lekualdatuko da. EHUren webgunean ikus daitezke eraberritze-proiektuaren memoria eta planoak.

Jatorrizko eraikinaren egilea, Migel Garai, obren aurka mintzatu da, eskolako irakasleei zuzendutako gutun batean: bere ustez, jatorrizko eraikinaren egitura argia erabat desitxuratuko da. Polemikan sartu gabe, interesgarria da nola azaldu duen Garaik jatorrizko eraikinaren egitura hori:


Eskolako jatorrizko sarrera / Josu Goñi (PD)

“Eraikina barnetik zein kanpotik dago diseinatuta: egitura argi bati jarraitzen dio, zeina jatorrizko sarreraren aurreko plazan hasten den eta paraninfoan bukatzen. Egitura horrek parvis jasoan du jarraipena, non jatorrizko etxolaren metafora agertzen den: arkitekturaren monumentu-sinboloa, hitza eta historiaren toki, Joxean Artzeren poesiak azpimarratuta. Etxolaren presentziak eraikinaren fatxada nagusiari neurria ematen dio, sarrera ate handi baten moduan diseinatuta baitago, atondoari zein barneko kaleari sarbide ematen diona. Barneko kalea espazio aktiboa da, harremanetarako leku, proiektuen erakusketa-toki, bizikidetzarako eta komunikaziorako gune. Egituraren amaieran paraninfoa dago, batzar eta antzezleku. Hainbat espazio biltzen dituen egitura honek arkitektura-ibilbide bat osatzen du, zeinak kanpoaldea eraikinaren bihotzarekin lotzen duen.”

One Comment

  1. Sarrera (kanpotik) zen niretzat eskolaren diseinuan gauzarik onenetariko bat!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude