Zenbat etxe?

Azken urteotan etxebizitza ugari eraiki dugula agerikoa da. Eta Euskal Herriko demografia gehiegi aldatu ez denez azken hiru hamarkadotan, hainbatek familia-ereduaren bilakaeran aurkitu du hainbeste etxe “behar” izateko arrazoia: duela 30 urte hiru pertsona eta erdi bizi baziren etxe bakoitzeko, orain, antza, soilik bi eta erdi. Hori egia izanda ere, arraroa da EAEko lurraldearen antolakuntza gidatzen duen sailburuak, pasa den martxoaren 21ean Legebiltzarrean erakutsi bezala, bestelako arrazoirik ikusi (nahi) ez izana: higiezinen espekulazio asegaitza, bigarren etxeen fenomeno inbaditzailea, eta, larriena dena, Lurraldearen Antolakuntzarako Gidalerroek zehaztutako etxebizitza-eskaintza demasekoa. Horixe baita LAGk zehazten duten gauza bakanetako bat: udalerri bakoitzak eskaini beharreko etxebizitza kopurua kalkulatzeko formula magikoa.

EAEko uneotako eremurik “dinamikoenak”, alegia, etxe gehien eraikitzen ari diren zonak, Mungialdea eta Arabako Lautada dira. Gasteizen, gainera, esperimentu soziologiko bat jarri dute abian. Erkidegoko hiru hiriburuetako etxebizitza berri gehienak bertan ari dira egiten. Horretaz jabetzeko, azken urteotako etxebizitza berrien lizentzia kopurua Eustaten ikusterik baino ez dago; esaterako, 2010ekoa: Bilbon 7 etxebizitza eraiki ziren 1.000 biztanleko; Donostian, 19; eta, Gasteizen… 75! Horrez gain, Gasteizen eraiki diren (eta oraindik eraikitzen ari diren) etxebizitza pilo horretatik ehuneko esanguratsu bat babes publikokoa da; berriro ere Eustaten aurkituko dugu zenbat etxebizitza babestu eraiki ziren 2010ean: Bilbon, 4 etxe 1.000 biztanleko (eraikitakoen % 57); Donostian, 7 (% 37); eta, Gasteizen… 48 (% 64)!

Gasteizko babes ofizialeko etxebizitzen azken zozketan, 2012ko martxoaren 14an burutu zena, 320 etxebizitza eskaini ziren; ezetz asmatu zenbat pertsonak eman zuten zozketan parte hartzeko izena! Soilik 171k! Hipoteka-maileguak eskuratzeko zailtasunak eraginik izango du, baina argi dagoena da Gasteizko BOEren eskaintza dagoeneko eskaera baino altuagoa dela. «Garrantzitsuena da orain badakigula zein den benetako etxebizitza-eskaera», esan du lasai-lasai Miguel Garnika hirigintzako zinegotziak. Hala ere, zentzuak adierazten digu ziklo baten amaieran gaudela, baina hortxe dauzkagu, hiri berdinean, milaka eta milaka etxebizitza oraindik eraikitzeko zain: Salburua eta Zabalganako birdentsifikazioak, hegoaldeko hedapen berria, Arkaiate…

Gasteizko kasua, paradigmatikoa izanagatik, ez da bakarra. EAEko udalerri askotako etxebizitza-eskaintzak eskaria gainditu du, demografiaren datuak egoskorrak direlako, Eusko Jaurlaritzak fabrikatutako formulak esaten duena esaten duela. Areago, hasiera batean onetsi berri den LAGen aldaketa «ez funtsezkoak», iragan martxoaren 22ko EHAAn argitaratutakoa, gutxieneko muga bat ezarri dio etxebizitza-eskaintzaren kuantifikazioari. Neurri zinez iraunkorra. Zementu-fabrikentzat eta enparauentzat, noski.

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2012ko apirilaren 21ean]

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude