Hirigintza sozietateen gainbehera

Zuzenbide publikoko hirigintza sozietate mordoa sortu zen adreilu-burbuilaren gorenean. Hirigintzaren gauzatzea modu bizkorrean kudeatzea zen haien ustezko helburu nagusia. Baina presako lanak gauza onik ez: askotan, gehiegitan, opakotasun dezentez burutu zituzten haien eginbeharrekoak, eraginkortasun eztabaidaezinaren izenean. Autonomia erkidegoenak, foru aldundienak zein udalenak, hirigintza sozietate guztiek funtzionatu dute lurzoruen birklasifikazioek eta erabilera aldaketek magikoki sortutako gainbalioen logikari esker. Eta azken urteotako krisiarekin eredu horrek hondoa jo duenez, orain kinka larrian dago hirigintza sozietate ugari.

Bilboaldeko Bilbao Ría 2000 ezagunaren desegitea, hain zuzen ere, mahai gainean dago pasa den martxoaren amaieraz geroztik. 1992an sortutako sozietate anonimo publikoak 2015ean itxiko omen ditu ateak, 200 milioi euro inguruko zorra duelako hainbat finantza erakunderekin. Industria lurzoruak birkalifikatzea ez da pagotxa dagoeneko, birkalifikatzailea ondorengo saltzaile bera izan arren, eta, horrenbestez, kudeaketa onaz aspaldi hainbeste harrotzen zirenak buztana hankapean ari dira antolatzen orain sozietate distiratsuaren likidazioa.

Azken hilabeteotan 21 Zabalgunea elkartearen desegitea ere eskatu da. Gasteizko Udalaren elkartea izan da, ziurrenik, azken hamarkadan Euskal Herri osoan etxebizitza gehien kudeatu dituen hirigintza sozietatea. Azaleratu diren eskandaluak (akats burokratiko batek eragindako 9.000 euroko gastu handipena Arkaiateko babes ofizialeko ia 200 etxebizitzatan, edo sustatzaile pribatu batzuekin batera gauzatutako partzela erosketa ezkutu eta garestiegiak, adibidez) elkartearen gerentzia soilki aldatuz isilarazi nahi izan dira. Horregatik, krisiaren gorrienean gaudela, ez litzateke hain arraroa ere izango 2000. urtean sortutako elkartearen likidazioaren berri laster edukitzea.

Etorlur ere albiste izan da asteotan. 2004an sortutako Gipuzkoako Foru Aldundiaren sozietate publikoa ixteko zorian omen dago aurreko gobernuak gauzatutako erosketa zalantzagarri batzuen ondoriozko galerak direla eta. Bereziki, 2006an Hernanin erositako 1,86 hektareako lursail batek du errua: 28,6 milioi euro diruz zein gauzaz ordaindu ondoren, badirudi gaur egun partzelak benetan ez dituela 12 milioi baino gehiago balio.

Krisia izan daiteke errudunetako bat, baina ez bakarra: erosleak ez zuen lursaila tasatu, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak 2008ko fiskalizazio txostenean salatu bezala. Harrigarria, gutxienez.

Hori nahikoa ez eta urtarrilean Nafarroako Comptos Ganberak zuzenean iradoki zuen Eguesibarko Andacelay hirigintza sozietate publikoa eta haren bi sozietate mistoak (zertarako, hainbeste sozietate?) desegitea. Udalerriko hirigintza kudeatzeko 2004an abiatutako eredua bera ederki larrutu zuen Ganberaren txostenak, sozietateen afera ongi laburbilduz: «hirigintza eredu hori gardentasun eta kontrol irizpidearen aurkakoa da».

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2013ko maiatzaren 25ean]

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude