Ekonomistak erreskatera

Lurraldea eta Hirigintza izeneko ekonomista-komunitateak jardunaldi interesgarria antolatu zuen iragan uztailaren 18an, Ekonomisten Euskal Elkargoaren Bilboko egoitzan. Laneko gosarien formatuarekin, Gasteiz, Donostia eta Bilbo antolatzeko Plan Orokorrei buruz hausnartzea zen asmoa, baina helburu zehatz batekin: aztertzea EAEko hiru hiriburuetako ekonomia suspertu ote daitekeen hirigintza-plagintzaren alorretik. Edo, beste modu batera esanda, ikustea ea ekonomistek zer egin dezaketen geldirik dagoen eraikuntzaren sektore estrategikoari bultzadatxo bat emateko. Krisiaren erdian, ekonomistak erreskatera.

Hiru hitzaldi labur, taldekako eztabaida-saioa eta ondorio partekatuak. Hasierako hitzaldiak Plan Orokorrak zuzentzen dituzten bulegoetako arduradunek eman zituzten: Gasteizko Carlos Ibarluzea, Donostiako Santi Peñalba eta Bilboko Mauro Valdivielso arkitektoek. Hiru hiriburuetako hiri-ereduak batera alderatzeko parada ezin hobea, hortaz. Izan ere, badira zenbait ezberdintasun haien artean.

Hasteko, hiriburuetako plangintza fase ezberdinetan dago: Gasteizko eta Bilboko Plan Orokorrak hilabeteotan hasi berri dira berridazten; Donostiakoa, ordea, 2010etik dago indarrean. Jarraitzeko, diskurtsoa: sentsazioa eman zuen Ibarluzea eta Peñalba hirigintzaz aritu ziren bitartean Valdivielsok hiri-marketinaz soilik jardun zuela; Bilboren betebehar bakarra Europako (munduko?) gainerako hiriekin lehiatzea balitz bezala. Hala ere, badirudi adostasuna badagoela kontu garrantzitsu batean, gutxienez: etxebizitza berriaren zikloa dagoeneko amaitu da.

Taldekako eztabaida-saioan kontu interesgarri bezain kezkagarriak azaleratu ziren. Badirudi hirigintzaren munduan ere malgutasun sakrosantua ezarri beharra dagoela krisialditik irteteko. Beldurtzekoa da gutxieneko ezkerreko ikuspegi sozial batetik, zeren eta gaizki ulertutako malgutasun horrek betikoa bilatzen du, ekonomia berpizteko aitzakiapean: lursailetako jabe pribatuen zamak murriztea (derrigorrezko lagapenak txikitzea, babes publikoko etxe gutxiago eraiki behar izatea) eta onurak handitzea (eraikigarritasun-handitzeak gainbaliotzat ez jotzea, adibidez). Azken finean, inork horrela aitortu ez bazuen ere, badirudi hirigintza bera dela ekonomiaren hazkunderako oztopo. Batzuei ahazten baitzaie hirigintza interes kolektiboa defendatzeko sortutako diziplina bat dela, eta ez ekonomia suspertzeko tresna bat gehiago.

Partidaren une aurreratuotan hirigintza-plangintzaren beharra aldarrikatzea soberan egon beharko litzateke, baina badirudi ezetz, eta, badaezpada, etengabe gogorarazi beharra dago lurraldea bat eta bakarra dela, eta gizartean maila ekonomiko ahuleko jende ugari dagoela. Bi arrazoi horiengatik bakarrik bada ere, lurzoruaren gaineko merkatu basatian nolabaiteko esku-hartzea behar-beharrezkoa dela defendatzea da bidezkoena. Ekonomisten erreskatea liberalizazioaren bidetik badoa, ingurumena eta gizarte xehea aterako baitira galtzen.

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2013ko abuztuaren 17an]

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude