Hurrengo geltokia

A eta B. Alfabetoko lehen bi hizkiak, bat edo bestea, formula matematiko baten osagaiak, odol taldea, edota Willis Drummond- en “A ala B” kantua… Gehienetan, aukeraketa bat da eta gehienok bizi izan dugun egoera; askotan, bi kontzeptu, jarrera, eredu, aukera… eta askotan kontrajarriak. Arkitektura eta hirigintzan ere eredu desberdinak daude eta horren adibide dira gure inguruko bi festibal.

A aukera. Urbanbat festibala, Bilbo. Aurtengoa seigarren edizioa eta “Lekualdatzeak” gaia jorratu da, azaroaren 8tik 12ra. Azken urteetan, ekonomia eta turismoan oinarrituta, hiriak transformazio urbanoa “pairatzen” ari dira birsortze politiken bidez. Horren bitartez, hirietako biztanleak, desplazamendu bat jasaten ari dira. Kasu praktikoak oholtza gainera eramanez, gaiaren egunerokotasuna agerian utzi da. Orotako ekintzekin gauzatu da aurtengo edizioa. Formatu txikian egin dira hitzaldi, erakusketa, ibilaldi, dokumental emanaldiak, etab., beti ere modu kontrolatu batean eta horrela entzuleak partaide aktibo izan dira. Bestetik, antolatzaileak arkitektura eta hirigintzaz haratago joan dira, kulturak eta arteak prozesu hauetan duten eraginaz hausnartu baita. Kritika bat gauzatu da, arlo akademiko eta ez-akademikoa uztartuz, errealitatea hobeto ulertzeko inputak emanez, pertsonaletik asko.

argazkia: egilearena

B aukera. Nazioarteko Arkitektura Bienala, Donostia. Lehenengo edizio honetan “Mugak” gaia landu da, 2017ko azaroan hasi eta 2018ko urtarrilean bukatu da. Hirigintza eta arkitekturak zauriak osatzeko duten gaitasuna azpimarratu da, berriro ere, norbanako eta kolektiborako elkarbizitzarako tresna izanik. Horretarako, arkitekturaren eta beste diziplina akademikoen arteko mugak jorratu dira, hauek aztertu, eztabaidatu, eta zalantzan jarriz. Arkitektura esparrutik kanpo, idazle, artista eta bestelako hizlariek kabida izan dute. Oihartzun mediatikoa lehenetsi da. Alde batetik, bienalak nazioarteko ikuspegia du, eta bertan izan diren hizlari asko horren adibide dira: Sou Fujimoto, RCR… Bestetik, ekitaldi, hitzaldi eta abarrak espazio pribatu zein eraikin publiko esanguratsuetan gauzatu dira.

Festibal hauek jorratzen dituzten kontzeptuak, lekualdatzeak eta mugak, literalki Abiadura Handiko Trenean ikus daitezke. A-tik B-ra eramango gaitu. Bilbotik Donostiara. Lekualdatzetik Mugara. Ongizatean eta mugikortasunean oinarrituz lekualdatzeak eragin eta muga berriak ezarriko ditu lurraldean, fisikoki eta psikologikoki. Kapitala(k) lotzeko azpiegitura hauek itxuraz duten papera bezain garrantzitsua da ezkutatzen dutena, hauen bitartez sortarazten diren ondorio eta arazoak, baita oinarrian dagoen ideologiaren ezarpena.

Donostian ezkutuan doan metro berriak ez al du ezer ezkutatzen?

Ander Zangitu Orbea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude