Badakizue zer behar duen euskadik…eta kitto

Urteak dira arkitektura planetaren nondik norakoen erruz Jessica eta biok elkar ezagutu ginela. Bakoitzaren intuizio eta errezeloak baino bere inguruan sortarazi ziren galderek lotu gaituzte. Azken hilabetetan postdata batekin bukatzen ditu bere email, telegram eta hizketaldiak: irakurri Virginie Despentes-en Vernon Subutex. Gomendioari kasu eginez irakurri dut.

Gauza askoren artean hiriaren irakurketa sinple eta ederra egiten du idazleak, problematika desberdinak azaleratzen dituelarik. Besteak beste arkitektoek hiriak ez idealizatzeko, bertako biztanleak aztertzeko, eta fokoa beste lekutara bideratzeko ariketa proposatzen du. Jorratzen dugun kolono begirada deseraiktzeko abiapuntutzat hartu daiteke.

Honen harira eta barnera begiratuz, galdera egin diot nere buruari: nola hautematen dut hiria? Gure egunerokotasunean jorratzen ditugun ekintza gehienek monetaren trukean datza (erosketak, garraioa, kafeak,kontzertuak… ). Espazio pribatu zein “publikoak” kontsumitzen ditugu. Vernon eta Olga desberdinek, aldiz, gehien bat, parkeak, eraikin abandonatuak, liburutegiak… kontsumitzen dituzte. Hauek diru truke gabeko ekosistematzat kataloga ditzazkegu.

Gaur egun eta lehen

Barnean (iturria:Oliveras Boix Arquitectes_argazkiak: José Hevia)

Auzoan dudan liburutegia horren adibide da eta Oliveras Boix anai-arreben sinadura darama. Eraikina haurtzandegi, auzotarren zentro eta zahar-etxe batek osatzen duten erabilera anitzeko multzoaren parte da. “Alchemika” fabrika zaharra bertan kokatzen zen eta arkitektoek bere aztarna aintzat hartu zuten azala mantenduz. Fatxada joko honekin hirian duin txertatzen da eta bere barnean eraikina hedatzen da, orubearen konplexutasunak bere gain hartuz eta dotore kontrolatuz.

Barnera sartzean oreka bat antzeman daiteke. Mimoz trazatutako gune anitzen segida bat da, altuera jokoekin eta espazioak harmonian daudelarik. Proiektatutako formak eta leihoen diseinuak argi naturala sartzea ahalbidetzen dute, eta asko eskertzen da. Materialen aukeraketak, aldiz, osotasun bat ematen dio. Haatik, “pero”-ak ere aipatu behar dira, espazio batzuen konekzioa ez da guztiz egokia eta diseinuaren konfigurazioak gune batzuen mantentzea oztopatzen du.

Truke monetario gabeko espazioek gizartearen ezkutuko ezaugarri desberdinak azalaretzen dituzte. Emakumeak, etxegabeak, liburuko Vernon-ak, adinduak, ikasleak, etorkinak, langabetuak… Paradoxikoa da, agian fikziora eta hau gordetzen duten dispositboetara joan behar gara errealitateaz ohartarazteko, eta politikoek horrenbeste erabili dituzten herria, kohesioa, taldea, ongizatea… hitzak ulertzeko. Errealitatea ala fikziora, nora begira gaude?

Ander Zangitu Orbea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude