Tadashi Kawamata artista japoniarraren lanak erlazio zuzena du arkitektura eta hirigintzarekin. Zuhaitz-etxeak, txabolak, aulkiek eratutako meta-itxurako eraikuntzak, egurrezko kutxek osatutako paisaiak, behatokiak… Zuraren aukera estetikoak hainbat eraikuntzatan ikertu izan ditu bere lanbide-ibilbidean zehar.
Kawamataren azken proiektua Akitanian bertan dugu ikusgai, Bordeleko Place des Quinconces zabaldegi neoklasiko handian, hain zuzen ere. Zurezko pasabidea urriaren 9-18 bitarterako eraiki zen, alegia, 2009ko Evento izeneko biurteko arte-erakusketa ireki eta hiritarrerako. Abenduko lehen asteburuan, berriz, zutik zirauen oraindik, bordeletarren artean harrera ona eduki duenaren seinale.
Kawamataren esku-hartzea, testuinguruan (handiago ikusteko, sakatu gainean) / Egilearen argazkia
120 metro luze den pasabidea ederki txertatu da testuinguruan. Plaza neoklasiko erraldoia eta Garona ibaiaren bazterra lotu ditu, kotxe eta tranbien gainetik, simetria-ardatza ukatu gabe. Halaber, ibaira irteten den behatoki berri bat eskaini die Bordeleko hiritarrei zein bisitariei.
Behatokia, ibaiaren bazterreko ibilbidetik ikusita / Egilearen argazkia
Behatokiaren behealdeko egitura / Egilearen argazkia
Behatokia, pasabidetik ikusita. Argi dago dezenteko maldak ez dituela irisgarritasun-neurri minimoak betetzen / Egilearen argazkia
Eraikuntza egiatizko barandaren xehetasuna / Egilearen argazkia
Pasabidea Quai Louis XVIII kaleko trafikoaren gainetik / Egilearen argazkia
Pasabidearen hasiera, 1829an Pierre-Alexandre Poitevinek egindako kolomen artean, feriaren zabaldegitik ikusita / Egilearen argazkia
Eraikuntza Akitaniako Xylofutur clusterreko hiru enpresak landu dute. Lehiaketa-clusterrak proiektuaren zati bat finantzatu du ere bai. Pinuzko zura Klaus ekaitz bortitzak 2009ko urtarrilean Akitanian botatakoa omen da; horrek sinbolismo ederra gehitzen dio behin-behineko piezari.
Noiz arte iraungo du zutik?