Espoliazioa

Ondare historikoaren espoliazioa omen da Herrialde Katalanetako Valentziako Cabanyal-Canyameral guneko Barne Eraberritze eta Babeserako Plan Berezia (PEPRI, gaztelaniaz). Espoliazioa bakarrik ez, lapurreta ere bai, Euskaltermek iradoki bezala. Hori ebatzi du Espainiako Kultura Ministerioak, Valentziako Generalitatearen zein Udalaren haserrerako.


Valentzia 1899an. Eskuinean, itsasoaren aurrean, Cabanyal-Canyameral auzoa.

Planaren elementu eztabaidatuena Blasco Ibañez hiribidearen luzapena izan da, dudarik gabe, operazioaren zati horrek hainbat etxeren eraispena aurreikusten baititu. Italierazko sventramento izenarekin ezagutzen dira mota horretako hiri-operazio erradikalak, historian uste baino sarriago erabili izan direnak. Esaterako, Parisko Operaren hiribidea, Madrilgo Gran Vía edo Bartzelonako Via Laietana antzerako ekimenen bidez ireki —literalki— egin ziren aspaldi, zenbait etxe lurrera botaz.


Goian, gaurko egoera; behean, Canyabal auzoa indarrez ebasten duen hiri-proiektuaren oinplanoa (ikus erdian mendebaldetik ekialdera irekitzen den hiribide berria).

Cabanyal-Canyameral auzoaren kasu horretan, gainera, eraitsi nahi diren eraikinak ez dira edonolakoak. Kultura-intereseko ondasun gisa (BIC, gaztelaniaz) daude izendatuak, 1993ko maiatzetik. XIX. mendearen bukaera aldera eraiki zituzten arrantzaleentzako auzo trinko bat eratuz. Etxeen berezitasunetako bat fatxadetan azaleratzen da, herri-modernismo delako estiloko apaingarriak baitituzte.


Fatxadetako apaingarrien hiru adibide / www.cabanyal.net

Auzokideek hamarkada luzeko borroka mantentzen dute eraispen-planaren aurka. Espoliazio-izendapena gorabehera, Salvem el Cabanyal plataformak agerraldiak egiten jarraituko du, ez baitira Generalitateaz eta Udalaz fio. Badute horretarako arrazoirik: Valentziako Gobernuak premiazko lege-dekretu bidez esan berri du planak ez duela Cabanyal auzoaren ondare historikoa kolokan jartzen. Posible al da izaera horretako baieztapenak lege-dekretu bidez aldizkari ofizialean argitaratzea? Antza bai, eta, gainera, BIC delako izendapena bertan behera gelditu dela lau haizetara zabaldu da, zehazki egia ez bada ere.

Nahiko tristea da politikariak murgilduta ikustea poterearen eta eskumenen inguruko eztabaida antzuetan, hiriaren ondarearekin zerikusi gutxi dutenak. Norbaiti inporta al zaio benetan auzo hori?

3 Comments

  1. Informe Semanal-ek erreportajea egin zuen joan den larunbatean gaiaren inguruan. PSPV-PSOE (!) eta Valentziako arkitektura eskolak Taller Cabanyal delakoa antolatu zuten, konferentzia eta tailerrez osatua, han esandakoak hemen.

  2. Berriro ere hiria zer den zehazteko zailtasuna, ez? Ona al da, txarra al da Cabanyal-aren zati hori eraistea? Zalantza berdina berriz: Hiria eraikinen metaketa hutsa da, edo aldiz “arima” edo antzerako zerbait du -deitu diezaiozu nahi duzuna- , zeinek “lekua” “tokian” bihurtzen duen eta hiritarren nortasuna definitu. Momentuan adibidez irakurtzen ari naiz Fnac-eko %50-ko apaletan eskuratutako Chueca Goitiaren “Breve historia del Urbanismo”. Hasierako atalak nahiko txapak badira ere, gutxi gora-behera hiria zer den azaldu nahi du gizonak, “Hiria historia da” eta halako harribitxiak botatzen dituen bitartean. Grazia egin zidan zerak: gure arbasoek eraikitako hirietan bizi garen momentutik, hildakoen hirietan bizi ginela. Hau da, gure etxeak eratzen dituzten hormigoi eta zur pilaketa ordenatuak hildakoek eraiki dituztela. Egun agertzen diren bat-bateko auzoekin, ordea, prozesu hori zapuztu egin delakoan nago. Hau da, 10 urteren buruan, auzo berri bat sortu daiteke, eta sortu ere egin dira. Antzemango al genituzke eraitsi beharreko “harresiak”, hiria gotorlekutik burgesiara aldatu zenean bezala? Babesa hiriaren aldaketaren gainetik jarri behar da? Ni kontra nago…baina tira, polemika sortzearren.

  3. Eskerrik asko loturengatik, Derzu. Bitxia (zerbait esateagatik), talde politiko jakin bat arkitektura-tailer bideratu bat antolatzen ikustea. Ondorioak, esaterako, Alborch-ek hasten ditu.Ez naiz ausartzen orokorrean hitz egitera, Karpol. Nire ustez, Cabanyalekoa ez da arima bakarrik. Auzo horrek badu izaera morfologiko berezia, mantendu daitekeena. Partzelazio bereizgarria du, eta berezko historia. Ez dut uste hiribide horrek itsasoan bukatzea irtenbide egoki bakarra denik.

Utzi erantzuna Karpol(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude