Soziologo bat bulegoan

Albena Yaneva soziologoak OMA arkitektura-bulegoari buruzko liburua argitaratu du, “Made by the Office for Metropolitan Architecture: An Ethnography of Design ” izenekoa. Ez ei da Rem Koolhaasi buruzko beste liburu soil bat. Izenburuak aurreratzen duenez, etnografia-lana omen dugu 010 Publishers-ek 2009ko amaieran argitaratutakoa.

Yaneva bulgariarra —Bruno Latour filosofo frantsesaren ikasle izandakoa— OMA bulegoan begirale egon zen 2002-2004 urteen bitartean. Rotterdamgo arkitektura-estudioaren egunerokoa miatu zuen, ezohiko azterketa bat egiteko asmoarekin, Graham Fundazioaren beka bat baliatuta.


OMA bulegoko apalategia, poliestireno urdinezko maketez beteta / borix1

Yanevaren esanetan, ez dago OMA bulegoaren lana linealki azaltzerik, eta, lan-prozesu kaotiko samar horren aurrean, bere etnografia-azterketa istorio zehatz, labur eta bananduen bidez egituratzea erabaki zuen. Diseinu-prozesuaren osotasunaren zatiak erakustea, alegia, behaketa-pusketak, nork bere puzzlea osa zezan.

Bi urtean ez diot inoiz marrazten ikusi“, dio Yanevak Koolhaasi buruz. Izan ere, maketa da OMA bulegoan gehien erabiltzen den diseinu-tresna. Maketak, eta diagrama naifak, ia-ia umeek marraztuko balituzkete bezala. Tresna azkarrak, hortaz, ordenagailuan marrazteko denbora gehiago hartu beharra dago eta. Ordenagailuak barra-barra erabiltzen dira, jakina, baina ez hainbeste hasierako diseinu-prozesuan.

Liburua egiteko ideia aprobetxategi samarra bada ere —Koolhaas gurtuari buruzko guztia dezente ondo saltzen da—, OMA bulegoa barnetik gehiago ezagutzeko parada egokia ematen du. Liburua pasadizo eta gogoeta interesgarriz beteta dago, eta atseginez irakurtzen da.

Agortua dago jada, Amazon.com-en, gutxienez, baina Google Books-en kontsultagai duzue, ia osorik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude