Ibiltariaren antropologia

Europako Mugikortasunaren Astean murgildurik izan gara agurtu dugun astean, eta Donostian horren harira antolatutako ekitaldien artean, Cristina Enea Fundazioak Manuel Delgado antropologoa (Bartzelona, 1956) gonbidatu zuen, oinezkoek hirian betetzen duten paperaz jarduteko. Hitzaldia, Grafika Soziala 03: Oinezkoa deritzon jardunaldien barne txertaturik zegoen, espazio publikoa hausnarketa-esparru duen mintegi/erakusketa/hitzaldi saioan.

Manuel Delgado aski ezaguna da hamaika liburu idatzi baititu espazio publikoaren inguruan, eta, horrekin batera, Bartzelonako Unibertsitatean antropologia-irakaslea da, besteak beste. Delgado ordu bat eta erdiz jardun zitzaigun, hiritar antropologia zertan datzan azaldu nahian; irudirik erabili gabe (imajinatzenimaginatzen arkitekto baten hitzaldia irudirik gabe?) eta teatroko monologo batean izango baginan lez, mintzalari trebeen magiapean, han bildutakoen arreta lortu zuen.

Delgadok ibiltariarekiko lilura agertu zuen, baita haren irudia berreskuratu eta balioan jarri beharrekoa dela aldarrikatu ere. Ibiltariaren trantzean ba omen dago potentzialitate handia. Ibiltariaren trantzea? Delgadok “tarteko errituen” kontzeptua ekarri zuen mahaira. Bizitza tarteko errituez josita dago; hau da, aldaketa prozesuan, A-tik B-rako bidean, oraindik ez A-n, ez B-n ez denean, trantze-egoera zeharkatu behar da. Anbiguotasun esparru horrek erakargarritasun maila handia du, edozer gauza gertatzerik dagoelako.

Gizartearen esparrura eramanez, ibiltaria oinez kalean barna denean, leku batetik bestera, egoera ordenatu eta arautuan da, baina egoera hau eraldatzeko aukerak anitzak dira. Ibiltariaren erreakzioa aurreikusterik ez dago, eta hori, arriskutsua da oso, gizarte kontrolatzailearen ikuspegitik! Kasualitatearen ateak zabalik dira, eta anbiguotasun maila boltaje altukoa da. 

Espazio publikoa, bestalde, ibiltariak berak sortzen du, bere ibilikeran gizarte txikien gisako tokiak harremanean ezartzen dituenean (kalea ez da, beraz, lotura-elementua soilik). Gizarte-tokia zer den ulertzeko, Delgadok diskotekaren paradigma irudikatu zuen, bertan espazio publiko baten ezaugarri guztiak aurkitzen ditugulako: harremanetarako irrikaz dagoen jende ezezagunaren bilkura, begiralekua, jendearen  joan-etorrien lekua, eta itxuran oinarrituriko harremanen iturria.

Espazio publikoa ongi egituratu eta araututakoa izanik ere, ibiltariak espazioa eskuratzeko aukerak dituen bitartean, deskontrolerako arriskuak handiak dira. Ibiltariaren urratsetan dago beraz, ezkutuko boterea!

 

2 Comments

  1. Oso oso interesgarria…ibiltariak hiria sortzen du, begiradak objektua sortzen duen bezala. Hau pena egon ez izana!Nolabait deribaren ideia datorkit burura. Aspaldi, psikogeografiaz pixka bat ikertzen ibili nintzenean -oso gainetik, aitortzen dut-, deribaren kontzeptuak liluratu ninduen: toki bat ikasi, zurea egin, noraezean egindako ibilaldi batez baliaturik. Noizbait pentsatu dut, inor animatzekotan, ezezagun zaidan hiriren batera autobus txartela atera, eta bertan eman egun oso bat, nire ibilbidea dokumentatuz (argazkiak, gaur egun mobilek ahal bideratzen dituzten GPS sistemez bitarteko posizionatzea, bideoak, grabaketak), eta hiri horren ondorio bat atera. Ariketak, ondo egitekotan, gerora tokira bueltatzea eskatuko luke, jada mapa kartografikoak eskuan ditugula. Analisi bien arteko aldea da, nire ustez, jaso beharrezko uzta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude