Donostiako metroaren tragikomedia (1. ekitaldia, 1. eszena)

(gertakari errealetan oinarrituta)

– beltzez: narratzaile orojakilea
– gorriz: arkitekto oro-orojakilea
– urdinez: lagun deusezjakilea

(teloia gora txat saioa on)

— Zelan?
Apaizak Ingeniariak hobeto.
— Hi beti berdin. Beti negarrez.
— Ez pentsa. Lanean jo ta fuego ari nauk. Lehiaketa batean.
— Lehiaketa bat? Ez al zegoan bada sekulako krisialdia eraikuntzan?
— Ez duk eraikuntzako edozein lehiaketa. Proiektu estrategikoa duk: Donostialdeko metroa.
— Uste nian metroaren kontu hori berde samar zegoala… Linea diseinatzen ari haiz? Baina hori ere egiten al ditek arkitektoek?
— Ez. Ez duk linea. Hori oraindik azterketa-fasean omen duk.
— Orduan?
— Ahoak diseinatzen nabilek. Sarrerak, ateak.
— Ateak? Linea oraindik azterketa-fasean eta hi dagoeneko ateak diseinatzen? Hi haiz hi artista.
— Tira, lehiaketa ez duk nire ideia izan. Goitik zetorrek. Norbaitek erabaki dik ateak lineak baino urgenteagoak ditukela. Niri bost, ondo ordaintzen zidateken bitartean.
— Ondo ordaindu? Baina hori behin lehiaketa irabazi eta ditxosozko ateak eraikiz gero izango duk, ezta?
— Ez, horixe. Lehiaketa ondo pentsatuta zagok. Nahiz eta ez irabazi, bigarren faserako aukeratzen banaitek, jada 40.000 euro kobratuko ditiat.

(lagun deusezjakileak informazioa prozesatzeko lanak ditu)

— 40.000 euro agian lehiaketako irabazlea ez den diseinu batentzat? Hori duk pagotxa hori! Eta zenbat izango dituk bigarren fase horretarako aukeratuak? Zeren eta hiru soilik izanik, 120.000 euro jada izango lituzkek guztion dirutik ordainduko genitizkekenak…
— Ez, dituk hiru izango… bost izango dituk.
— Bost? 200.000 euro diru-kutxa publikotik agian eraikiko ez den ate baten diseinuagatik?
— Beno… dena esate aldera… ez dituk bost soilik izango. Guztira hamar izango dituk. Bigarrean fasean sona handiko beste bost arkitekto ere sartuko ditiztek, eta horiek ere kobratuko ditek.

(lagun deusezjakileak ez du amorrazioa adierazteko emotikono egokirik gogoratzen)

— 400.000 euro soilik arkitektura-lehiaketan, hortaz? Ño… ez zaidak batere ondo iruditzen, metro-linearen egingarritasuna kolokan egonda. Irabazleak esango lidakek errespontsabilitate handia dukela hori eraikitzea, baina…

(arkitekto oro-orojakilea lotsa pixka bat ere sentitzen hasia da)

E-egia esan… i-irabaztekotan ere nik ez nikek eraikiko. Hori ingeniari batek egingo likek, nire diseinu ederra oinarri. Esan diat… lehiaketa ondo pentsatuta zagok...

(jarraituko du)

6 Comments

  1. lehiaketaren berri izan nuenean kalkulu horiek egin nituen. literalki, horrela gelditu nintzen.lotsagarria da, baina oso sintomatikoa. bai politikari dagokionez (are gehiago Donostiari dagokionez), bai eta Arkitektuaren paperari dagokionez. biak hutsaren hurrengo.

  2. deusjakilea > deusezjakilea

    oinarritua > oinarrituta

     

    zimendu garatua (-a adjektiboa) [zimendu garatu-ta (EZ)]

    zimendua garatuta dago (-ta aditza) [zimendua garatua dago (EZ)]

     

    garatutakoa >>> garatua (BAI)

    garatutako zimendua (BAI)

    zimendu garatutakoa (BAI)

    zimendu garatua (BAI)

     

    Bernardo Atxagak edo Joseba Sarrionandiak ere akats bera egiten dute, baita euskaltzain batzuk ere.

  3. akats bat, jauntxo…

    zimendua garatuta dago (-ta aditza) [zimendua garatua dago (EZ)]

    GIDOI BAT FALTA ZAIZU!!!

    zimendua garatuta dago (-ta aditza) [zimendua garatu-a dago (EZ)]

    ai, ai, ai!

  4. hombre (ui, barkau, “honbre” idatzi behar da euskeraz, ez? :)lehenik eta behin, sarrera oso ona, parreak akatzen egon naiz lanin..bestalde…joe, ba arkitektura lehiaketak holakoak izan zitezkeen maizago, ezta? hau da, beste hainbat tokitan bezala, hasierako fase nahiko orokor bat burutu, eta, gutxinaka, partaideak murriztu; lana handitzen den heinean, lan ordu hoiek pagau ideiak DEBALDE ematen ari den estudioari, ez? ze azken finin, ideia hoiek hor gelditzen dira, eta batzutan erabili ere egin… badakit diru publikoa dela, eta hori dana, baina…tira, indabei buruz hitzein ta nortea galtzen dut…baina ea animatzen zaren hurrengo kapitulua idaztera, Unai.

  5. oso gustuko dut ! barre piloa egin dut. Madrilgo Ciudad de la Justician
    gertatutakoa ekarri dit gogora…. Artza ehizatu aurretik, larruak saldu
    zituzten. Larrurik gabe orain, hotza galanta.

Utzi erantzuna Ibai(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude