Desazkundea eta bizitze ona topaketak (eta IV)

‘HEGO-IPAR HARREMANAK BERRIZ HAUSNARTZEN’

[otsailak 9]

Mónica Vargasek eman zion hasiera bigarren egunari [ikus I, II eta III zatiak]. ‘Antilankidetza’ kontzeptuaren inguruan jardun zuen, honen inguruko gakoak azaldu nahian.

Laguntzea nahi den herrialdeari kalte egiten zaionean gertatzen da antilankidetza. Toki horretan lanpostuak, aberastasuna, eta abar ekarriko dituelakoan multinazional batek muturra sartzen duenean, adibidez.

Hurrengo hausnarketa proposatu zuen: zergatik jarraitzen du 60 urteko lankidetzaren ondoren txirotasunak (gero eta gehiago) existitzen? Sektoreen ekintzak norabide egokian doaz?

2008ko Aldizkari Ofizial batean, gobernuak guzti honen kudeaketa egoki baterako premisa batzuk ematen zituen, baina gero ez du horiek gauzatzeko markorik sortu.

Gure arreta deitzen duten hainbat datu daude: Hegoaldeak Iparraldea finantziatzen du (fluxu handiagoak ematen dira H-I norantzan —lehengaiak, eskulana, eta abar— I-H norantzan baino —garapenerako laguntzak).

Galdera: zer politika garatzen dira I-H norabidean? Erantzuna: enpresen internazionalizazioa. Hemendik, garapen bidean dauden herrialdeetan hemengo enpresen kokatzea finantziatzen da, baina laguntzetik oso urrun, herrialde horien kanpo-zorra igotzea baizik ez da lortzen (azpiegitura-lanak sortu, bertako errekurtsoen ustiapena… gainera, aberastasuna ez da han banatzen, Iparrera itzultzen da). Zentzu honetan, Euskal Herrian eta Espainian errotutako hainbat enpresen zenbait adibide esanguratsu aipatu zituen.

Klase mailaren eragin nabarmena azpimarratu zuen: ez da edozein toki kutsatzen. ‘Externalitateak’ ez omen dira merkatuaren akatsak, elementu sistematikoak baizik.

Iparraldeko herrialdeek Hegoaldekoekiko menpekotasun argia dute gainera mineralen arloan, eta izugarria da gai honen inguruko antilankidetza maila. Lehengaiok Iparraldeko herrialdeetara garraiatzeko azpiegituren makroproiektuak garatzen dira. Hegoaldeko herrialdeotako gobernuak leporaino zorpetzen dira merkatu-harreman horiek bermatzeko, eta tokian bertan ez dute inolako onurarik sortzen.

Kanpo-ekintzen arduraren gaineko irizpideak garatuko bagenitu enpresa horien jardunez arduratu beharko ginateke nahi eta nahi ez. Konponbiderako begirada I-tik H-ra joan behar da, eta azkenik berriz I-ra itzuli. Antilankidetza lankidetza baino askoz garrantzitsuagoa da maila ia guztietan. Benetako lankidetza, gure kontsumoa jaistetik, eta hau ahalik eta gertuen lortzetik (ekonomia lokalen berpizkuntza) etorriko da, gainontzeko herrialdeak bakean utziz.

Bigarren eguneko bigarren parte-hartzea Magdalena Leónen bigarren mintzaldiak osatu zuen. Aurreko eguneko hainbat puntu mamitzen jarraitu zuen, ‘bizitze ona’ren ikuspuntutik.

Egun Ekuadorren duten eredutik, ‘bizitze ona’ faboratzen duen eredu  baterako jauzia irudikatzen saiatu zen. Horretarako, sistema kolonial garaikidean egin beharreko aldaketak planteatu zituen.

I-H harremanean kontutan izan beharreko hainbat puntu aipatu zituen: geopolitika, salerosketa-zorra, lankidetza eta giza-mugikortasuna.

Planifikatutako globalizazio neoliberala, bai ala bai gertatuko zen zerbait bezala saldu digutela nabarmendu zuen. Beste aukerarik existituko ez balitz bezala. Ondorio izugarriak izan ditu honek: nazio-estatuek merkatuen des-erregularizazioak bultzatu dituzte. Zerbitzu sozial publikoei murrizketa latzak ezarri zaizkie; merkatuak globalizatzeko entitate transnazionalak sortu dituzte; lankidetza manipulatu da; atzerritik emandako nazio-politikak garatu dira; banakotasuna sustatu da.

2008an hasitako krisialdia ziklikoa izatetik urrun, azkenekotzat jo zuen Magdalena Leónek.

2008ko konstituzioan jendearengan irudikari egokiagoak sortzeko helburuarekin garatu dituzte hainbat puntu (Ekuadorren adibidez, ez dute paperik eskatzen denboraldi baterako egoteko. Hala, fluxu berriak sortzen dira, eta aurre egin beharreko arazo berriak baita).

Kanpo-zorraren inguruan, zor ez-legitimoaren ikuspegitik (nazio ezberdinetako kideek) burututako kontu-ikuskaritza batek hala dela eman du emaitzatzat. Horren harira, zigorgabetasunarekin amaitu nahi dute; zorpetze harrapari baten ereduaren amaierara deitzen dute; eta burujabetza eta finantza arkitektura berri baten eraikuntzan hasiak daude.

Finantza-subiranotasuna lortzeko beren baliabideak euren helburuetarako erabiliko dituzte, errekurtsoei eta abarrei inolako kalterik egitea ekidituz.

Bestelako kanpo-merkataritza bat garatzeko erronka daukate: lehiakortasunetik osagarritasunera pasatzea; merkataritza librerako itunei uko egitea; kartara aukeratutako akordio komertzialak (asimetriak eta beste —beraiek erabaki norekin eta nola izan nahi duten osagarriak, kasuz kasu aztertuz, herrialdez herrialde).

Kooperaziorako ezaugarriak aipatuz bukatu zuen azkenik: fluxuetatik haratago joatea; burujabetza, autodeterminazioa eta independentzia; konstituzio eta ‘bizitze ona’ren plan nazionalarekin bategitea; nazioarteko elkartasuna; lerrokatzeetatik haratago, harmonizazioa; gardentasuna eta kontuak ematea; osagarritasuna; eraginkortasuna; partekatutako erantzukizuna eta elkarrenganako interesa.

Aurreko eguneko hamaiketako goxoa errepikatu ondoren, Florent Marcellesi izan zen hitzaldi-zikloa itxi zuena. Desazkundearen ikuspegia aplikatu zuen I-H harremanetan.

Desazkundearen hasieren inguruko laburpen bat egin zuen lehenik, fenomeno berria ez dela adierazteko. Orainarte ezagututako nazioarteko lankidetzak bere sustraiak gerra hotzean zituela azaldu zuen, eta desazkundean oinarritutako nazioarteko lankidetza berri bat aurkeztu:

Serge Latouchek azaldutako 8 R-en ildotik, berak 6 R-ak aurkeztu zituen:

1-Birbalioztatzea eta birkontzeptualizazioa.

2-Nazioarteko lankidetzaren berregituraketa.

3-Zor ekologikoaren birbanaketa.

4-Lankidetzaren birlokalizazioa: H-H/I-I

5-Aztarna ekologikoaren murrizketa… Giza Garapenaren Indizea mantenduz.

6-Tradiziozko I-H lankidetza berrerabili eta birziklatu.

Florent Marcellesiren parte-hartzea era laburrean azaldu da hemen,  Interneten hitzaldi osoa aurkitu baitaiteke: bere blogean zintzilikatu du hitzaldirako erabilitako aurkezpena, eta hemen ikus dezakezue bere partehartzearen bideoa.

Ondoren, galderen txanda izan zen, eta bidezko merkataritza, Islandia bezalako beste herrialde batzuen kasua, edota herrialde hegoamerikarretako ALBA proiektua izan ziren mintzagai.

Arratsaldean, ‘Desazkundea eta bizitze onarenganako sinergiak sortzen’ tailer multzoak garatu ziren, ‘ekimen politikoak’, ‘alternatiba praktikoak’ eta ‘aliantzak eta sareak’ izenburuen pean. Webgunean argitaratuko dituzte ondorengo egunetan tailerron ondorioak, denbora faltagatik, ezin izan zirelako gainontzeko taldeekin partekatu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude