Espazio publikoa

«Kalea guztiona da» entzun genuen bigarren urtez Bilboko Kale Nagusian, pasa den maiatzaren 21ean. Badira ia zortzi hilabete Espazio Publikoaren Ordenantza onetsi zela, eta eskertzekoa da Bilboko Vendetta taldeak haren aurka antolatutako salaketa umoretsu eta sanoa.

Jai-giroko ekimenean ordenantzak debekatzen dituen hainbat ekintza burutu ziren, besteak beste, bizikleta paseoa espaloitik (21. artikuluan debekatua), kometa jolasa (22. art.), baimenik gabeko herri bazkaria (24. art.) eta musika ekitaldia (38. art.). Herritar guztiak narkotizatuta ez daudela egiaztatzea lasaigarria da; izan ere, badirudi agintari batzuei ahaztu egiten zaiela espazio publikoa guztiona dela, eta, ondorioz, guztiontzat arautu behar dutela, ez soilik zerbitzu sektorearentzat; gogoratu besterik ez dago 17. artikuluak espezifikoki debekatzen duela «ostalaritzako lokaletan erosi ez diren edari alkoholdunak» kalean edatea.

«Haserretuen» kanpaldiek ere espazio publikoaren erabileraren afera azaleratu dute asteotan. Bartzelonako Katalunia plaza maiatzaren 27an indarrez hustu ondoren, Artur Mas Generalitateko presidenteak hurrengo galdera luzatu zuen Kataluniako Parlamentuan mossoen jokabidea justifikatzeko: «Onargarria al da gizarte demokratiko batean talde jakin batzuek espazio publikoa sistematikoki eta mugarik gabe okupatzea?». Agian ez, baina espazio publikoa okupatzen duenaren arabera tolerantzia maila ezberdinak aplikatzea ere ez da oso demokratikoa. Kontua da inbertsioak erakartzeko apaindu dugun hiri-espazio publikoan ez dagoela aldarrikapenerako tokirik. Haserretu inkonformista hauek ez dira txukun geratzen turisten argazkietan. Izan ere, espazio publikoa honakoa da ezarritako ordenarentzat: etxetik lanera eta lanetik erosketak egitera joateko eraiki gabe utzi behar izan zuten hutsunea.

Baina espazio publikoa, hiria bezala, pilaketa da funtsean. Kolore eta zapore guztietakoa. Eta «hiritartasunaren» defentsa ideologiko bezain hutsala modan dagoen honetan, gehiegizko kontrola ezartzen da esparru jakin batzuetan, ia gehienetan irudiarekin erlazionatuta, aipatutako adibideek argi erakusten duten bezala; bien bitartean, beste arlo batzuk era susmagarrian liberalizatzen edo desarautzen dira. Esaterako, Eusko Jaurlaritza babes ofizialeko 7.000 higiezinen lurzoru-eskubidea saltzen ari da hilabete honetan bertan. Alegia, baskongado guztien jabegokoa den zoru publikoaren zati esanguratsu bat salgai dago. Aurreko galdera berreskuratuz, onargarria al da gizarte demokratiko batean talde jakin batzuek lurzoru publikoa sistematikoki eta mugarik gabe saltzea?

Dena den, logikoa da botereak nolabaiteko agorafobia edukitzea, historian iraultza zein zapalkuntza ugariren ikur bilakatu baitira plazak: Pekingo Tiananmen, Buenos Aireseko Maiatzeko Plaza, Habanako Iraultzaren Plaza, Moskuko Plaza Gorria… Hala ere, baikorrak izateko arrazoirik ere bada. Manuel Delgado antropologoak aspaldi esan bezala, «ona da boterea plaza batean gerta daitekeenaren beldur izatea».

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2011ko ekainaren 11n]

2 Comments

  1. Manuel Delgado berak gai honen inguruan liburu bat plazaratu du azken egun hauetan: “El espacio público como ideologia” Ed. Catarata.

Utzi erantzuna Unai Fdz. de Betoño(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude