Pasa den asteartean Ana Oregi arkitekto eibartarrak hitzaldia eman zuen Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan, 4. mailako arkitektura-proiektuetako irakasleek gonbidatuta. Oregi lurralde-antolakuntzako sailburuorde izan da Eusko Jaurlaritzan, eta, gaur egun, Gasteizko udalean dihardu, hirigintza-plangintza sailean.
Hitzaldia interesgarria izan zen, eta, bitxia badirudi ere, ez zen autokritikarik falta, eta hori asko eskertzen da.
Hala ere, Gasteiz hiriaren elikagai-subiranotasuna aipatu zuenean sentsazio gazi-gozoa sortu zitzaidan, batez ere behiei buruz hitz egiten hasi zenean. “Gasteiz udalerriko herrixketako behi-aziendak zaindu behar ditugu” izan zen helarazi zuen mezu onbera, eta, nire oroimenak, ia nahi gabe, iazko Aretxabaletako gertakariak gogoratu zituen, hurrengo bideoan ederki laburbiltzen direnak.