Berdea ez da kolore bat

Hiria, hirigintza eta are bizitza ulertzeko modu bat baizik. Eta Gasteizko Europa jauregia berdez mozorrotzen jarraitzen dugun bitartean, Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren abiada aurrera doa. Tresna horren bidez erakutsiko dugu benetan horren berdeak ote garen. Azken hamarkadako aurrekariak, baina, ez dira oso baikor egoteko modukoak. Eta orain, Maroto alkateak zalapartaka iragarri digu Plan Orokor berrirako parte-hartze prozesu ustez aitzindari bat, BERRasmatu graziakoa, propaganda-kutsu dezente duena. Bitxia, birdentsifikazioaren 15.000 etxebizitza berriak gehitzeko aurreko Planaren berrikuste partzial (eta ez sobera partehartzaile) soil batekin nahiko izan zenean. Izan ere, badago arrisku argi bat: EH Bildu Gasteizek berriki antolatutako jardunaldietan Montse Rosa soziologoak ohartarazi bezala, Administrazioak gehiegi gidatutako parte-hartze prozesuek benetakotasuna galdu dezakete, eta, horrenbestez, baita errealitatea eraldatzeko gaitasuna ere. Hizkuntzak eta diskurtsoek ere galdu dezakete egiazkotasuna, batez ere hainbat politikari eta teknikariren ahoan: denek defendatzen baitute honezkero Gasteiz trinkoa, iraunkorra eta giza-eskalakoa. Ea hurrengo hamarkadako garapena gidatuko duen Plan Orokor berrian hitz polit horiek egiazki eta eraginkorki islatzen diren.

[Artikulu hau EH Bildu Gasteizek kaleratutako aldizkarian argitaratu da 2013ko ekainean]

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude