Intentsitatea

Ricardo Flores eta Eva Prats arkitektoak izan dira gaurkoan Donostiako Arkitektura Eskolan, Mario Sangallik gonbidatuta. Ricardok eman du hitzaldi osoa; Evak, hasierako aurkezpena eta amaierako galdera apurrak erantzun ditu.

Hitzaldia bikaina izan da. Kitzikagarria. Ezbairik gabe.

Haien lan ikaragarriak gainezka egin dit, baina. Hainbeste lan ikusten zaie edozein proiektu-txokotan, hainbeste esfortzu edozein xehetasunatan, ezen estutu egin nauten. Den-dena zegoen ia-ia paroxismoraino hiperultramegapentsatuta: maketa izugarriak eta haiek gordetzeko kaxa ederrak; marrazki finak eta haiek erakusteko bideoak; tipografiak eta errotuloak; xehetasun guzti-guztiak; haien obra biltzen duen liburuaren maketazioa eta hura ataletan sailkatzeko irizpideak; haien hitzaldiaren hari landu eta jarraitu nekaezina…

Ez dut esan nahi gauzak ez direnik pentsatu behar. Ezta gutxiago ere. Baina den-den-dena hainbeste birpentsatu, berrikutu, bermiazkatu egiten denean, nekatu egiten da bat. Akitu. Ni, gutxienez.

Eta Marx anaien pelikuletakoa etorri zait burura: jendeak ezin duenez filma osoan zehar barrezka egin, musika-saiotxoak tartekatzen zituzten. Pianoarekin, batzuetan; harparekin, besteetan. Lasaitasun-uneak behar baititu ikusleak, haien ondoren gogoz barre egiten jarraitzeko.

Intentsitatea ezin da etengabe mantendu.

 

Unai Fdz. de Betoño

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude