Artearen lexikoa

Euskal Herriko Unibertsitateak Artearen lexikoa delako euskarazko itzulpena argitaratu berri du. Jatorrizko lana gaztelerazko Léxico de arte izenekoa da, Rosina Lajoren testuak eta José Surrocaren marrazkiak biltzen dituena. 1990ean argitaratu zuten lehen aldiz, eta, onarpen zabala eduki duela esan daiteke, 4. argitaraldian baitago. Halaber, aipatzekoa da 1993an katalanera ere itzuli zutela.


Artearen lexikoa liburuaren azala / Euskal Herriko Unibertsitatea, 2010

Liburu erabilerraza eta praktikoa da, kontsulta azkarrak ganoraz egiteko modukoa. Terminoen etimologia, historia eta adibideak biltzen dituen lexiko aberatsa da, eta, sinpletasunetik urrun, artearen historiako hitz dezente biltzen ditu, gehienetan marrazki argigarriekin batera. Termino horietako asko eta asko arkitekturarekin daude erlazionatuta. Hori dela eta, Artearen lexikoa arkitekturari buruzko euskarazko corpusa osatzen lagunduko duen lana dugu, urte hasieran EHUk berak argitaratutako Arkitektura-hiztegi irudiduna paregabearekin batera.


Liburuaren 37. orrialdea / Euskal Herriko Unibertsitatea, 2010

Ikasleok, irakasleok zein artezaleok aterako diozue probetxua
Elhuyar Fundazioko Elixabete Etxeberriak eta Alfontso Mujikak itzulitako lexiko erabilgarri honi.
Google Books-en dituzue ikusgai gaztelerazko jatorrizko bertsioa zein itzulpen katalana.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude