Eibarko gune teknologiko berriaren lehen harria jarri dute gaur. Bai, halaxe esan diote, lehen harria jartzea, zehaztasun terminologiko osoz, zeren eta Arrate Balleko lanak aspaldi hasiak baziren ere, orain arte egin dutena harria kentzea baino ez da izan. 500.000 m³ lur eraldatu dira, hain zuzen, ikaragarri aise eraldatu ere.
Arrate Balleko Erisono guneko lanen ikuspegia (lehen harria jarri baino lehen) / www.parquetecnologicoeibar.com
Teknikerren egoitza berria eraikitzeko balizko beharra alde batera utzita, oso zalantzagarria iruditzen zait horretarako aukeratu den kokagunea, baita kokatzeko modua ere. Ikus-eragina beldurtzekoa da. Eibarko Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorrean agertzen zaizkigun sekzio leunak ikustea baino ez dago.
AI-SC-2C-202 “Erisonoko Esparrua” jarduera-eremurako fitxako sekzioak / Eibarko HAPOa
Lerro beltz eta etena, jakina, orduko mendiaren lerroa zen eta lerro urdin jarraitua, HAPOak proposatzen zuena. Ohartu bedi irakurlea eraikinen sekzioen gailurretan atzeraguneak agertzen direla lau solairuen ikus-kaltea murrizte aldera, atzealdean eustorma —edo ezponda— beldurgarri bat lasai asko proposatzen den bitartean. Etorkizuneko eraikinen adierazpen birtualetan ez dakite nola disimulatu mendiari egindako hozkadak.
Erisonoko eustormaren ikuspegia Azitain-Barren industrialdetik / www.parquetecnologicoeibar.com
“I+G+b azpimarratu nahi dugu gure jarduera guztietan,
gure politika guztietan, bertan oinarritzen baita hazkuntza, enpleguaren
sorkuntza, biharko Euskadiren zuzentasuna eta gizarteratzea“, esan irakurri du EAEko Lehendakariak gaurko ekitaldian. Halaxe, letra xehez idatzi dute berrikuntzaren sigla irekia web gunean, b txiki batez. Pentsatzen dut ez dela izango siglak bereizteko, espainieraz egiten duten moduan, I+D+i idazten baitute. Ez du zentzurik, euskarazko sigletan ez baitago ekidin beharreko errepikapenik. Lotsagatik izango da, akaso, berrikuntza ez baita lur-mugimenduen ondorengo lehen harria jartzen denean hasten den zerbait. Hasierako erabakiak hartzen diren unean bertan hasten da.
Ea paisaiagintzan ere berrikuntza pixka bat nabaritzen dugun.
laneko bulegotik Eibarren egin berri duten beste ezponda beldurgarri bat ikusten dugu, Urko mendiari egindako haginkada, bigarren bariantearena omen da…
Kaixo, Irati! Bai, saihesbidea luzatzeko lanak ere ikaragarriak dira, zalantzarik gabe (norbaitek ezagutzen ez baditu Josu Mendicuteren argazki honetan ondo ikusten dira). Hala ere, ezberdina iruditzen zait. Saihesbidearen lanak justifikatuagoak ikusten ditut nik eta, gainera, ezin dira edonon egin. Hau da, iruditzen zait kokapena ez dela hain librea, hain malgua, Ego bailara estu horretan.Parke teknologikoa, ordea, edozein lekutan kokatu zitekeen…
zoritxarrez horrelako adibideak nonahi ditugu azkenaldian, etxerik txikienetik idustrialde handienera. Zertxobait gehiago pentsatzea baino erresagoa da lurra eusteko dagokion malda eman ta lautada bat osatzea. Penagarria, benetan.