Datorren hiria

Ditxosozko krisiak W-forma duela
diote; gora eta behera doan errusiar mendi batena. Baliteke WWW-itxurakoa ere
izatea, baina ez Interneten eraginez, baizik eta petrolio merkearen amaiera
gertuak sortuko duen egoera energetiko zailagatik. Estatubatuarrek azpiegitura
handiak eraikitzen konpondu omen zuten 1929ko krisi ekonomikoa, baina errezeta
berdinak ez du oraingo krisi poliedrikorako ere balio egingo. Arrazoia agerikoa
da: zeinek erabiliko ditu eraikitzen ari garen azpiegitura faraonikoak ―Supersur,
Beasain-Durango― lehengaien prezioak seikoizten direnean?


Gorostiza biaduktua. Bilboaldeko Supersur saihesbidea / Bizkaino, CC-BY-SA

Horrek guztiak eragin zuzena
edukiko du gure hiri dezente amerikartuetan, zeinetan dena antolatu den autoaren
inguruan, azken urteotan bereziki. Hiriguneak turistentzako apaindu ditugun
bitartean ―gure hiribilduak museo bihurtuz eta erdiguneak izar-arkitektoen
objektu distiratsuez oparo hornituz―, dentsitate baxuko aldiriak gero eta
gehiago hedatu ditugu. Autoak funtzio ezberdinak lurraldean zehar sakabanatzea
ahalbidetu digu: hemen lan egin, hor lo, han kirola eta ikasi, edonon erosi. Gu
ere, amets amerikarraren atzetik.

Udalerri anitzeko hiri
metropolitar jarraitua ulertzen hasiak ginenean ―Bilboaldea, Donostialdea,
Iruñerria, BAB― munstro handiagoa erditu zaigu ia konturatu gabe: eskualde-hiri
etena. Politikari eta marketin-adituek Euskal Hiria esan diote, Atxagaren
etsipenerako
. Eskualde-hiri berriak izaera globala duela esan zaigu, kanpoko inbertsioak
erakartzeko adina tamaina omen baitu, baina neurri handiko hiriak gobernatzen
zailagoak dira, areago erabaki estrategikoak hartzeko burujabe ez direnean. Lurralde-antolakuntza
instituzionalaren ideologoek ziurtatu dute Euskal Hiriak sare moduan
funtzionatzen duela, eta hala izango da alegiazko errealitatean, baina errealitate
fisikoan eskualde-hiria zatikatuta dago ―fisikoki, politikoki, sozialki, ekonomikoki―,
ingurumen-kostu handiak ditu eta nekazaritza-lurren desagerpenaren arduraduna
da. Hiria ez da hil, ez gaitezen dramatikoegi jarri, baina nabarmen lausotu
zaigu.


“Euskal hiria” Europan / Lurralde-antolakuntzarako artezpideen berrikuspena, 2009

Futurologia-ariketak, zailak ez
ezik, friboloak eta boluntaristak ere izan ohi dira. Hiria hain da dinamikoa, gainera,
ezen ikerketa ia beti doan errealitatearen atzetik. Hala ere, aurreikus daiteke
krisi energetikoak ―ondorio sozioekonomiko larri ugari ekartzearekin batera― eraikuntzaren
eta hirigintzaren panorama halabeharrez argitzen lagunduko duela. Petrolio
merkerik gabeko datorren hirirako trantsizioa lehenbailehen antolatu beharko
dugu, hiri-jarraitutasunaren, erabilera-aniztasunaren eta berrerabileraren bidetik.
Merkatuaren dinamika globalak lurralde-antolakuntzaren eta hirigintzaren gidari
izateari utziko beharko dio behingoz, espekulazioan oinarritutako urbanizazio-prozesu
irrazionala geldituz. Golf-urbanizazio elitistak eta kirol-portu padura-suntsitzaileak
eraikitzeari utzi beharko diogu, hiri-hazkunde mota trinkoagoak eta abiadura
zentzuduneko mugikortasun-eredu bateratzaileagoak haztatuz, azkenean ere.

Urbanizazio-prozesua negozio gisa
erabiltzeagatik murgildu bagara krisian, hiriaren ulerkeraren alorretik beretik
helduko diogu konponbidearen oinarriari.

Bihar ere ez du Guggenheim II.a eraitzeko
eguraldirik egingo.

[Artikulu hau ARGIAren Urtekarian argitaratu da]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude