Hiriak etengabe aldatzen direnez hirigintza planak ere noizean behin egokitu behar dira. Teorian, zortzi urtean behin. Bilbo antolatzeko plan orokorra, berriz, ia hamazortzi urte egon da indarrean. Gehiegitxo. Planaren berrehun bat aldaketa sakabanatu baino gehiago bideratu eta gero, azkenik, hura osorik berrikusteko ordua iritsi dela erabaki dute Bilboko agintariek. Kasualitatez, gehiengo osoa estreinakoz lortu dutenean.
Ikuskizunaren eta etxebizitza-monolaborantzaren hiri eredu ofizialak, zorionez, ez ditu herritar guztiak liluratu eta narkotizatu: behetik gorako plangintza buruan, jendartea informatzeko eta ideiak eta iritziak biltzeko asmoarekin Bilboko Bildu taldeak “Bilbo bizi, erabaki eta eraiki. Gure esku!” lelopeko jardunaldiak antolatu zituen iragan maiatzaren 10, 11 eta 12an, La Bolsa gizarte-etxean. Bertan entzundako eskaerak oso kontuan eduki beharko lirateke plan orokor berria garatzerakoan.
Hasteko, benetako hirigintza plangintzaren aldarrikapena: hiria gauza edo izate zehatza da, ukigarria; ez da entelekia edo salgai abstraktu bat. Agerikoa dirudien arren, hirian ez daude eraikinak soilik: pertsonak ere badaude. Eta elkarrekin bizitzeko aukeratu duten (edo aukeratzen utzi dieten) leku komun hori, hiria, ez dago espazio neutro batean: ezaugarri zehatzak dituen lurralde jakin batean dago. Alegia, Bilbo Artxandak eta Pagasarrik mugatutako botxo batean dago, eta, bertan, erne, bilbotarrak bizi dira, ez turistak. Biak ala biak kontuan hartu beharko lituzke hirigintzak, mendien magalak babestuz eta auzotarrengan gehiago pentsatuz. Bitxia bada ere, oraindik indarrean dagoen plan orokorrak begien bistako kontu horiek alboratu ditu, zerbitzu-hiriburu global baten irudikeriaren mesedetan.
Jarraitzeko, hiri mistoaren aldarrikapena: mugikortasun artifiziala (eta haren ondoriozko gastu energetikoa) murrizteko zein ehun soziala indartzeko auzo autarkikoen antolakuntza bultzatu behar da. Plan orokorra ez baita etxebizitzak soilik antolatzeko plan sektorial bat; udalerri osoan garatzen diren erabilera guztiak egokiro antolatu behar ditu.
Auzoetan lo egiteaz gain, lan egitea, ikastea, erostea eta aisialdiaz gozatzea ere ahalbidetu behar du hirigintzak, auzoen hiria edo hirien hiria izeneko eredu kohesibo eta aberasgarria sustatuz. Etxebizitzak eta erabilera tertziarioak soilik garatzeko birkalifikazioak eta dagozkien plusbalioak alde batera utzi beharko dira behingoz. Bilboko hainbat auzotako lantegi eta biltegiak (Errekaldeberri, Iralabarri, Uribarri, Zorrotza…) eraberritu behar dira, tipologiak gaurkotuz industria-iraganaren ondarea erabat suntsitu gabe, auzotarrek auzoan bertan lan ere egin dezaten.
Era berean, Bilbon ez da lurzoru urbanizagarri gehiago behar: zoru gutxi gelditzen delako (udalerriaren %37 baino gutxiago mantentzen da urbanizaezin, bere malda handiari esker), eta, bereziki, 16.000 etxe huts ei daudelako. Plan orokorrak arazo handi horri aurre egin beharko dio.
Eta amaitzeko, hirigintza partizipatiboaren aldarrikapena: demagogiaz harago, hiriko eragile guztien eskaerak bildu behar dira, ez soilik enpresa-sektorearenak. Auzotarrek zeresan handia dute, eta ez bakarrik arazo eta proiektu zehatzen inguruan; haiek ere hiri eredu bat dute buruan. Parte hartzearen bidez hiritarrek pentsatutako eta (beharrezkoa izatekotan, bozketa lotesleen bitartez) adostutako eredu hori plan orokorrean txertatu beharko dute teknikariek. Lanerako prozedura hori nekagarriagoa eta luzeagoa izan daiteke, baina emaitzak barneratuagoak edukiko ditu gizarteak. Parte hartzea ez baita soilik lau urtean behin bozkatzea.
Plan orokorrek denoi dagozkigun gaiak baldintzatzen dituztenez, konprometitu gaitez, hastera doana auzoen garaia izan dadin.
[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2012ko maiatzaren 19an]