Urrezko patatak

Iruñeko Cervera kasua ez da izan 2012ko azken egunetako film itxurako bakarra. Gasteizen hirigintzarekin zerikusi zuzenagoa duen foiletoi kutsuko beste gertakari bat ere azaleratu berri da, Green delako hiriburutza urtea ondo amaitzeko. Antza, udalaren 21 Zabalgunea hirigintza sozietate anonimoak Gasteizko hego-ekialdeko hiri lurzoruaren alboko landa lursail batzuk erosi zituen 2006an, etorkizuneko negozio biribil baten esperoan. Horraino, zaharrak berri, hiri(gintz)a denez gero izan baitira azpijoko espekulatiboak. Baina, EAJk abenduan salatu duenez, 45 hektareako lursail horien prezio erreala halako hogeita hamar ordaintzeaz gain, isilpean gordetako operazio horretan bi sustatzaile pribatuk ere hartu zuten parte, 21 Zabalguneak sortutako Cosubapre enpresa ezezagunarekin batera. Ñabarduratxo horiek goitik behera lokaztu dute afera.

«Inoizko Gasteizko hirigintza pelotazorik handiena izan da» salatu du Gorka Urtaran EAJko zinegotziak, aukeran pixka bat gehiegi antzeztuz. Izan ere, diru jana egiteko asmoa egon bazegoen, baina, krisiarekin, saialdiaren mailan geldituko omen da azkenik. Hala ere, saltsa honetan badago zer ikertu eta zer argitu. Ez hainbeste ordaindutako prezio altuagatik: salerosketa 2006an gauzatu bazen, horrek esan nahi du ezin zitzaiola estatuko lurzoruari buruzko 8/2007 Legea oraindik aplikatu (lehe horren 22. artikuluan espresuki debekatzen da lurzoruak etorkizuneko balizko mozkinen arabera balioestea). Benetan larria da administrazio publikoa higiezin agentziekin batera halako operazio estali batean murgiltzea. Nolatan zeuden prest enpresa pribatu horiek balio erreala baino hogeita hamar aldiz gehiago ordaintzeko, informazio pribilegiaturik ez bazuten? Ez al zuten jakingo, bada, patata soro horiek urbanizagarri birsailkatu behar zituela eroslekide publikoak?

Horrenbestez, ez da harritzekoa Gasteizko Bildu udal taldeak 21 Zabalgunea sozietatea desegitea eskatu izana. 2000an sortu zenetik, hirigintza kudeaketa eraginkorra egin izana aitortu behar zaio, baina ilunak argiak adina izan dira, eta hori ezin zaio onartu kapital publikoz elikatzen den enpresa bati. «Administrazioak ez bezala jarduteko sortu zen 21 Zabalgunea, azkarrago aritzeko» defendatu da Alfredo Piris gerenteak. «Benetako eroslea administrazioa dela jakinez gero, salmenta prezioak izugarri igotzen dira» justifikatu dute, halaber, udaletik. Horregatik ezarri omen zuten operazioaren ahaldun higiezin agentzia bateko partikular bat. Ezkutuan, gure hobe beharrez. Azpikeria onbera, oximoron paregabea.

Hein batean kaltegarria izan daiteke hiria inguratzen duten partzela guztiak sustatzaile pribatuen eskuetan soilik geratzea, horrela urbanizazio prozesua dezente baldintzatu baitezakete; baina, komeni da udalen salerosketak argiz eta takigrafoz egitea. Areago krisialdi ekonomikoaren honetan, udalek, beste instituzioek bezala, diru premia larria baitute. Badaezpada ere.

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2013ko urtarrilaren 26an]

 

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude