Paisajismo produktiboa

Arkitekturaren eta hirigintzaren alorretan bolo-bolo dabilen kontzeptua da paisaia produktiboa. Horri buruz jarduteko, hain zuzen, Euskal Herriko Arkitekto Hirigileen Elkarteak eta EHUko Hirigintzako jakintza arloak hitzaldi sorta interesgarria antolatu zuten Bilbon eta Donostian, iragan urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean eta 7an. Ideia jasa kitzikagarria entzun zen bertan; baita irudipen argia jaso ere: hiri ortuen tresna eta elikadura subiranotasunaren ideia gero eta zabalduagoak eta onartuagoak daude. Haien burbuilan bizi ohi diren arkitektoen artean ere.

Zer da, baina, paisaia produktiboa? Hasteko esan behar da kontraesan bat dirudiela: paisaia zerbaitez (normalean, lurraldeaz) dugun ikuspegi subjektiboa bada, nolatan izan daiteke hori produktiboa? Bada, ez da horren zaila, paisaiaz hitz egitetik paisajismoaz hitz egitera igarotzen bagara. Izan ere, paisajismoa, paisaiak sortzeko (lurraldea balioan jartzeko) egintza, dagoeneko teknika aski garatua da, eta, zalantzarik gabe, kontenplaziozko ikuspegi soil batetik ekoizpeneko erabilerak barne hartzen dituen eremu produktiborantz ere lerra daiteke.

Alabaina, kontua ez da hiri lorategietan larrosak landatu ordez letxugak jartzea. Hori huskeria bat da. Sakoneko aldaketa eskala handiagoan dago, benetako koska lurraldeari balioa ematea baita, haren kudeaketa ere kontuan hartuz, gai dezente aldakor eta dinamikoa izaki. Eta kudeaketa edo mantentze lan horretan sartzen da aldagai produktiboa. Gustuko ditugun kalitatezko paisaiak mantentzen dituztenak ez direlako arkitekto paisajistak, baizik eta nekazariak, abeltzainak, mahastizainak eta bestelako eragile produktiboak.

Paisajismo produktiboa, hala ere, ez dago soilik ekonomiaren lehen sektorearekin erlazionatuta. Gero eta harreman estuagoa du, besteak beste, hirugarren sektoreko turismoarekin eta suspertzen ari den laugarren sektoreko ezagutzaren alor etereoarekin. Horrexegatik komeni da kontzeptuak argitzea. Areago, EAEko Paisaiaren Lege Proiektua 2012ko urtarriletik onetsita dagoen honetan, zertarako eta, paisajismoa barik, paisaia (eraikuntza mental edo ikuspegi subjektibo hori) arautzeko, 1990etik Lurralde Antolakuntzaren Lege bat indarrean egon arren.

Horixe baita arestian aipatutako hitzaldietan Anton Lopez de Aberasturi arkitekto eta EHUko irakasleak egindako aldarrikapen interesgarria: Kontua da, paisajismoa era integralean kontrolatzeko, areago produktiboa denean, hirigintza eta lurralde antolakuntzaren plangintzaren barnean ulertu beharra dagoela. Bestela, kontenplaziozko eta sentimenduzko diziplina sasiartistiko bihur daiteke, edo, agian, okerragoa dena, ingurumen alorreko enegarren arau, zeinak lurraldearen azaleko itxura atsegina soilik kontrolatzeko zioa izango baituen. Aurrekariak, zalantzazko ingurumen eraginaren azterlan onetsi ugariak, alegia, ez baitira oso itxaropentsuak: lobby ekonomiko batzuentzat paisajismoa aspaldi da produktiboa. Zurigarri gisa besterik ez bada ere.

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2013ko otsailaren 23an]

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude