Berritu ala hil

Etsi-etsian suspertu nahi dute Espainiako eraikuntzaren sektorea. Kosta Legearen biguntzea abiatu ondoren, ehunka mila etxebizitza oraindik saldu ezinik dabiltzanez, zaharberritzearekin lotzen ari dira azken saialdia. Berritu ala hil. Apirilaren 5ean jakinarazi zuen Ana Pastor Sustapen ministroak Etxebizitza eta Lurzoruaren Plan Integral berria, zeinak 105.000 lanpostu sortuko omen dituen datozen lau urteetan.

Planari ezin zaio handinahitasuna ukatu, zailtasun juridikoari dagokionez, bederen: bi lege berri sortzeaz gain (Zaharberritzearen Legea eta Etxebizitzen Alokairuaren Legea), 2013-2016 Etxebizitzen Estatu Plana ere hartzen du barne, bai eta eraikinen eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko Europako bi zuzentarauen aplikazioa eta horrekin zuzenki erlazionatutako hainbat diru laguntza programa ere. Guztira, 2.500 milioi euroko inbertsioa.

Eraikinen eraginkortasun energetikoaren gaia ari da arreta handiena kontzentratzen, hemendik aurrera eraiki, saldu edo alokatzen den etxebizitza bakoitzeko ziurtagiri tekniko bat egin beharko delako. Baina bada Plan Integral horretan kontu deigarriagorik: «zaharberritzea sustatzeko malgutzea» deitu diote Gobernutik. Araubide juridikoaren malgutzea edo liberalizazioa, alegia. Zehazkiago, hurrengoa proposatzen da Zaharberritzearen Lege Aurreproiektuan: orain arte sustatzaile eta eraikitzaile gizajoek pairatu omen dituzten gehiegizko zamak arintze aldera, zenbait hiri-eraberritzetan eraikigarritasunaren handitzea ez da gainbaliotzat joko. Hau da, orain arte gehiago eraikitzeagatik bizilagun guztioi ordaindu beharreko doako eta derrigorrezko lagapena (EAEn, eraikigarritasun berriaren %15, besteak beste) bertan behera utziko dela dirudi. Hori egiteko Estatuak duen eskumena zalantzagarria da, inondik inora, hirigintza autonomia erkidegoen esku baitago, baina akaso hori ez da larriena. Kezkagarriena da eraberritzearen aitzakiarekin gehiago eraikitzea (eta saltzea) ahalbidetu nahi dela, lortutako mozkin guztiak sustatzaile pribatuen poltsikoetan utziz.

Eta etxebizitza alokairuaren sustapenari dagokionez, hitz onbera guztiak antzu samar gelditzen dira, batez ere duela bi asteko EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren ondoren: Gasteizko Udalak hirian hutsik dauden 9.500 etxebizitzei iaz ezarritako kanona, 260 eurokoa, legez kanpokoa omen da. Bada, Gasteizko Bilduk eta PSEk bultzatutako horrelako ekimen eraginkorrak bertan behera uzten badira, zer-nolako sinesgarritasuna eman behar zaio datorren Etxebizitzen Alokairuaren Legeari?

«Ataka estu honetan, nolanahi sortu behar ditugu lanpostuak» esan zuen duela bi aste Javier Elzo soziologoak Teledonostin, «nolanahi» hori kartsuki azpimarratuz, eta Keynesen eta “New Deal” programaren garaiko azpiegitura-obra handiak malenkoniaz aldarrikatuz. Bada, ez da helburua zapuzteagatik, baina oso arriskutsua izan ohi da gauzak gehiegi bereizi gabe egitea. Baita krisialdietan ere. Ez ote den izango arazoa baino larriagoa, konponbidea.

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2013ko apirilaren 27an]

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude