Taksim plazako proiektuaz

Azken asteotan Istanbulgo Taksim plazaren inguruan sortutako gatazka larriaren atzean faktore ugari egongo dira, sozialak, politikoak, polizialak eta beste, Euskal Herriko urruntasunetik erabat ulertzeko zailak direnak. Matxinadaren arrazoi nagusietako bat, dena den, bertan Erdogan lehen ministroak eta Topbas alkateak aurrera eraman nahi duten hiri-proiektuaren aurkako jarrera hedatua izan da. Gutxitan ikusi baita halako zalaparta hiri-parke baten defentsan. Kasu honetan, gainera, proiektu bereziaren xehetasunak aztertzea merezi du. Hirigintzaren eta arkitekturaren ikuspuntutik besterik ez bada ere.

Merkataritza gune batek eta luxuzko apartamentu batzuek Gezi parkeko soropila eta zuhaitzak ordezkatu behar zituztela iragarri ziguten hasieran hedabideek. Aurreneko iskanbilen ondoren, berriz, antikapitalistak apaltze aldera-edo, museo bat izan zitekeela. Hala ere, ez da gehiegi sakondu proiektuaren nondik norakoetan. Baina nahiko bitxia da, zalantzarik gabe, leku horretan bertan hainbat urtez zutik egondako eraikin baten erreplika zehatza berreraikitzea dela proposatu dena. Forma, estilo eta kokapen berdin-berdinarekin, 1806an eraikitako eta 1940an eraitsitako Halil Pasha artilleria-barrakoi militar otomandarrak klonatu nahi dituzte, baina haien erabilera aldatuz.

Barrakoiak 185 x 185 metroko eraikin zabal batean antolatuta zeuden, egundoko patio baten inguruan. Hain handia, ezen 1921etik aurrera 8.000 ikuslerentzako edukierako futbol estadio bat jaso baitzuen, Istanbulgo lehena, Galatasaray, Fenerbahce eta Besiktas talde ezagunen egoitza hainbat urtez izan zena.

Eraikinaren historiak, egungo berreraikuntza egitasmoa barne, barregarri uzten ditu, hortaz, arkitekturaren malgutasunaren inguruan aipatu ohi diren teoria gehienak. Azken finean, forma berdinak hainbat funtzio jaso ditzake, ia edozein, gutxieneko tamaina edukitzekotan.

Hain zuzen ere, tamainaren eta funtzioaren arteko arazo handia sumatzen zen aspaldi Taksim plazan. Ez da deabruaren abokatuarena egiteagatik, baina hainbeste iskanbila eragindako proiektuak, gutxienez, plaza neurridunaren izaera berrezarriko lioke gaur egun autoen eta autobusen bidegurutze eta biribilgune soila den hiri-espazio handiegiari. Eraikin “berriaren” eraikuntzarekin batera, plaza erabat desitxuratzen duen trafikoa lurperatzeko asmo handinahia ere aurreikusita baitzegoen, lurzoruaren maila oinezkoari itzultzeko helburua zuena. Hori da Taksimgo eraberritzearen funtsa.

http://www.youtube.com/watch?v=QLA9xjQxAI8

Hala ere, argi dago autoritarismo arazo handia dagoela nahaspilaren atzean. Hasieratik ez da egon herritarren parte hartzerik, eta, orain, gertatutakoaren ostean, efektu anestesiagarriko erreferendum aldebakarra deitzeko aukera zabaldu da.

Istanbuldarren planaren aurkako jarrera sutsua ikusita, azkenik, tranpati samarra den ohiko galdera luza daiteke kasu honetan ere: zer da egokiagoa, teknikoki hoberena den soluzioa ala herritarrek modu zabalean onartutakoa?

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2013ko ekainaren 22an]

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude