Hiria egiten irakatsi

Unibertsitateko ikasturte berria abian da honezkero. Gauza batzuk ez dira aldatzen: ikasleak, ezberdinak izanagatik, beti dira adin berekoak, eta, irakaslea, beti urte bat zaharragoa. Irakasgai guztietan, berdintsu. Arkitekturaren alorrean, serioskiago, aldaketa nabarmenak jazotzen ari dira azken bost urteotan, Boloniako planaz harago. Ez hainbeste teknika asko aurreratu delako; aldaketa txiki batzuk kenduta, duela 50 urte bezala eraikitzen baita. Aldatu egin dena arkitektoen zerbitzuaren eskaria bera izan da, baita beharrez aldatu ere, ditxosozko krisialdiagatik.

Eta beste hainbeste, edo are gehiago, hirigintzaren esparruari dagokionean. Adreiluaren betekada digeritzen ari garen honetan, etxebizitza berri gehiago eraikitzeko beharra ia desagertuta, nola enfokatu, bada, hirigintzaren unibertsitateko irakaskuntza?

Ikasleek berek ere ikusten dute auzia, jakina. Iaz, esaterako, hurrengo galdera aproposa luzatu zuen hirugarren mailako batek: «Ba al du zentzurik ehunka etxebizitza dituen auzo berri bat planifikatzen ikastea, egiten ari garen bezala, Euskal Herriko egungo panorama ikusita etxe gehiagorik behar ez dela argi dagoenean?». Arrazoia, arma soila. Ikasle horietatik nahiko gutxik planifikatuko baitute inoiz auzo berri oso bat. Are gutxiago epe labur edo ertain batean, etxe hutsen kantitatea eta demografiaren beherakada ikusita ez baitirudi hurrengo urteetan etxe berririk beharko denik. Hala ere, irakaskuntzaren esparruan auzo berri baten antolakuntzari aurre egitea hirigintza-plangintzaren konplexutasunaz jabetzeko ariketa aparta da, baita espazio libre publikoaren eta espazio partzelatuaren arteko dialektika orekatuari erreparatzeko ere, errealitatean dauden presio politiko zein ekonomikoak pairatu gabe, gainera.

Hiri-zabalpen berrien diseinuarekin batera, dena den, hiri-eraberritzearen alorrean ere sakondu beharra dago unibertsitatean, inoiz baino gehiago sakondu ere. Noizbehinkako eraispen estrategikoak, espazio libre publikoaren balioespena ohiko korridore-kalea berreskuratuz, irisgarritasunaren eta segurtasunaren bermea, behe-solairuen komertzio- eta gizarte-erabileraren indarberritzea, eta beste hainbat hirigintza-operazio landu behar dira, betiere auzokideengan sor daitezkeen prozesu gentrifikatzaileez ikasleei ondo ohartaraziz.

Teoria ere ahaztu gabe, noski. Hiri-formaren historia, bereziki. Hirigintza jakintza praktikoa izan arren, corpus teorikoa behar-beharrezkoa baita hiri-arazo zehatzak detektatzeko zein soluzioak proposatzeko, betiere historiako adibide gogoangarrien laguntza ezinbestekoa kontuan hartuz. Iragana mespretxatu zuen Modernotasunaren akats harroan berriz erori gabe, hirien historian zer ikasi badagoelako.

Praktika eta teoria. Hiria nola handitu, nola biziberritu eta nola ezagutu. Nahi den hurrenkeran. Horra gaur egun hiria egiten irakasteko hirukote zentzuduna. Esaten sinplea; didaktikaren eguneroko praktikan lortzen, ez hainbeste.

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2013ko irailaren 14an]

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude