Birkalifikazioak eta euskara

Hirigintzak hizkuntza-aldaketak eragin ditzake. Batzuk, oso agerikoak; beste batzuk, oharkabekoak. Baita Euskal Herriko eremu ez oso euskaldunetan ere.

Beheko planoak Gasteizko Foronda Atean hilabeteotan egiten ari diren birkalifikazio bat erakusten du. Ezkerrean, aurreko kalifikazio-egoera ageri da, laranja ilunez: EQ-G, alegia, ekipamendu generikoa. Eskuinean, aldaketaren ondorengo kalifikazioa ageri da, urdinez: TE-C/O/H, hots, tertziarioa-komertziala/bulegoak/hotela.

Hizkuntzaren ikuspegitik, esandako aldaketak ez dakarkio inolako eraginik gasteiztar erdaldunari. Gasteiztar euskaldunak, ordea, aldaketa esanguratsu bat pairatu dezake: hasierako egoerako ekipamendua publikoa balitz, demagun gizarte-etxe bat, euskarazko arreta jaso beharko luke bertan sartzerakoan eta zerbitzuren bat erabiltzerakoan; birkalifikazioaren ondorengo egoeran, berriz, supermerkatu edo bulego edo hotel horretan, alegia, euskaraz artatua izateko aukerak dezente jaitsiko zaizkio.

Bereziki Gasteiz bezalako hiri ez oso euskaldun batean aldaketa nabarmena izan daiteke: euskaldunak euskaraz hitz egin ahal izateko espazio bat galdu baitu.

Honekin ez da esan nahi hiria ekipamendu publikoz bete behar dugunik. Soilik hirigintzak hizkuntza-eraginak ere badakartzala. Baita eremu ez oso euskaldunetan ere.

 

Informazio gehiago Lurralde & Hizkuntza II kongresuan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude