Bartzelonara bidaia. Lehen burutapenak, turismoa eta gentrifikazioa dira, azken hilabete, eta urtetan “gatazka” gabeko lurralde honetan asko entzuten diren bi kontzeptu. Coop-ean oinarritutako bidaia da, helmuga eta helburu partikularra: ekonomia sozial eta eraldatzailean oinarritzen diren Sants-eko proiektuak ezagutzea.
Txangoko lehen ekitaldira iritsi eta gure artean konparazioak hasi dira, Donostia-Bartzelona, eskala lokala-globala, jende gutxi-asko…Orduak aurrera joan ahala, ia-ia bertakoak sentitzen gara, eta ez dut uste “euskotalanen” arteko afekzioa denik, pertenentzia gradu bat sentiarazten da. Kontestu edo sentsazio gozo honekin ezagutzen dira bertako proiektuak: Coopolis, Can Batlló espazio autogestionatua, La Ciutat Invisible, Primavera Cooperativa ( Zumzeig Cinema, La Directa …) , La Borda, Koitton Club…Berriz ere konparazioak, orain ezagunak diren kasuekin: Katakrak, KoopFabrika, Gure kabuz ala hil?, Errekaleor, Erein da jan… Igande goiza, etxera buelta. Autobusera bidean mezu argi eta garbi bat: TOURIST GO HOME!!
Jasotako mezuak, Shakiraren azken bideoklipak(“Me enamore”,Can Batlló ageri da), atzo arratsaldeko garagardoak(Estrella Galicia)….orain dela hilabete batzuk Ergosferako kide batek Donostiako hitzaldian plazaratutakoa datorkit. Ederki azaldu zuen kapitalak alternatiben diskurtso materiala nola erabiltzen duen bere behar eta nahietara. Finean, estetika batez baliatzen da euren mezua beste modu batean helarazteko, objektuei balore berri bat emanez. Forma eta formatu desberdineko adibideak azaldu zituen: erropak(hipsterrek homeless-ak “kopiatzea”, zapi palestinarra, Guy Fawkes maskara…), barne diseinuan(tabernak sortzeko diseinu-moda…), estetika(graffitien planifikazioa lekuari balorea emateko, Blu-ren Berlineko murala, “Pictures with punk 1 £” Camden Townen…), arkitekturan(munduaren “pallet-azioa”, Hegoafrikan aberatsendako fabeletan oinarritutako hotela…) eta beste adibide arraro bat hirigintzan (terrazen itxura homogeneizatu duen Estrella Galiciaren aurrean, Burger Kingen koloreak “globalizazioaren” aurkako ikur).
Aipatutako adibideak “dispositibo” gisa definitu daitezke. Focaulten filosofian, dispositiboa honela definitzen da: «jakintza mota batzuk baldintzatzen dituen estrategia multzoa da, aldi berean, haiek baldintzatua ere badena». Herraminta hauek jendearen pentsakera eta jokabidean eragiten dute, hasierako erantzuna objektua “normaltzat” hartzea da, pertzepzioan eragin pasibo batekin eta gerora jakintzetan eragiten duelarik. Hauek oharkabean daude egunerekotasunean eta aldi berean planifikatutako estrategia baten lanabesak dira. Batzuk errazak identifikatzekoak eta besteak ez horrenbeste, baina zergatik? Zergatik izan dut sentsazio hori bidaiko momentu batzutan? Izan daiteke dispositibo hauek subjektibitate desberdinekin konektatzen direlako, bakoitzaren praktiken arabera pertenentzia gradu desberdinarekin eragiten dutelako edo besterik gabe gure gain hartzen ditugulako objektu-oroitzapenean oinarriturik…Planifikatuta dauden prozesuak dira eta aurrelanketa bat izanik, ohartu orduko, errotuta daude gure artean. Dispositibo hauen pertenentzia graduak identifikatu eta aztertuz, turistizazio prozesua eta gentrifikazioaren arteko lotura ulerkorragoa da. Hauen bitartez turismoa errazten da eta hein batean gentrifikazioa gauzatzeko baldintzak ahalbidetzen dira. Ekosistema berdinak sortzen dira, turistendako erakargarriak eta familiarrak, eta epe ez oso luzera bertako jendeari kalte egiten diotenak. Esan daiteke, espazioak “kapitalmestikatzen” (kapitala domestikatzea) direla, kapitalaren printzipio ekonomikotan oinarrituz. Horrela, turista eta herritar(batzundako) espazio ekitatibo bat antzeztuz.
argazkia:Topatu.eus / ilustrazioa: egilearena
Dispositiboak identifikatzeaz gain, turismo “osasuntsu” baten beharra dago. Hori lortzeko, hainbat ezaugarri Sants-en ezagututako kooperatibetan aurki daitezke, hau da, ekonomia sozial eta solidarioaren oinarrietan. Pertsonen bizitzak erdigunean kokatzen dira(kolektiboan oinarrituz), horizontaltasuna jorratzen da, jendartearen ongizatea lehenesten da eta ondare komunari garrantzia ematen zaio. Hauetan oinarritzen den turismo politika sustatu behar da, non perspektiba soziala eta humanoa lehenesten den, bertako produktua babesten eta dastatzen uzten duena, norbanako eta kolektiboa aintzat hartzen dituena, ondare komuna eta jasangarritasuna defendatzen dituena… Neurri hauek ez dira berriak, baina bai beharrezkoak. Gurean, beste “balore” batzuetan oinarritzen da turismoa. Horren adibide dira 2016 Kulturaren Hiriburu ondorengo DHF(Donostiako Hotel Festa berria), Bilboko ontzi bidaien abordaia(Piratei gaizki “kopiatuz”), Hernani aldeko sagardotegi garaiko desfaseak (eta Esne Beltzaren azkena: Welcome to Hernani, Sagardo, sexu ta arin-arin!) eta abar. Hauen aurrean, gauza bat aldarrikatzeko beharra dago: hiria herritarrentzat.
Bitartean: Tourist go home, giriak etxera!