Kultura mailan eman diren azken astetako kritikek zeresana eman dute. Kritika hauek azpimarratu nahi nituzke( X , Y, eta Z) baina askotan oharkabean pasatzen dira. Hauen inguruan eman diren erantzun eta jarraipenek zalantza sortarazi dizkidate. Zer da kritika bat? Nora iristen da? Behar adina xaxatzen al du?
Kritika modu berriak arkitekturan: Ter youtuberra
Galderen harira “La línea de producción de la crítica”(Peio Aguirre, Consonni) liburua berrirakurtzen hasi naiz. Liburu sakona, batzutan astuna, eta interesgarria. Irakurri beharrekoa. Arkitektura orokorrean erreparatuz eta jorratzen den kritika aztertzeko lanabes paregabea. Gure unibertso honetan kritika gauzatzen da, baina askotan, bere modu propioan; bakoitzaren estilo, enfoke eta tonalitate desberdinak kontutan hartu gabe. Egia da beste era batean hitz egiten dugula eta erabiltzen den terminologia ez dela arrunta. Hortan bakarrik gelditzea, oso kritika arkitektonikoa izango litzateke, hau da, begi bistan dagoen hori modu poetiko batean goraipatzea eta ezer gutxi esatea. Ez dut nahi orokortzea eta jendea sumintzerik, baina kritika arkitektonikoa politikoki oso zuzena izan da. Iritsi da ordua, berriz ere, begiradari bere garrantzia ematekoa: gertatzen eta jorratzen ditugun gauzak interpretatzeko, gauzak bere baitan kritikatzeko (onak eta txarrak), arlo desberdinetatik ikasteko, arkitekturak deseraikitzeko…Horretarako, kritika eraikitzaile baten beharra dago, eta egun planteatzen diren kritika positiboek (batzuek) ez dute ahalbidetzen ez hausnartzea, ezta gauzak zalantzan jartzea eta ondorioz erreprodukzio jarraikor batean kokatzen dira.
Ia orain dela 100 urte, 1919an, artearen eta manufakturaren arteko arrakalaren aurrean erakutsitako kezkaren ondorioz Bauhaus eskola sortu zen, Walter Gropius buru zelarik. Artea, diseinua eta arkitektura erakusten zuten eskola abangoardista zen. Garaiko artista ezagunak ibili ziren eskolaren inguruan, eta horren adibide dira arkitekto, eskultore, eta pintore esanguratsuak: Anni Albers, Paul Klee, Grete Stern, Wasily Kandinsky, Marianne Brandt, Ludwig Hilberseimer, Lilly Reich, Adolf Meyer, Marcel Breuer…Hauek kontzientiza sozial eta intelektual batekin irten ziren(dena kakotxa artean). Gauza berriak planteatu zituzten, beti ere, artearen eta industriaren arteko harmonia bilatuz. Esan daiteke estetika berri eta formalismotik haratago arkitektura kritikoa jorratu zutela.
Bauhaus eskola eta MACBA museoaren arteko “antzekotasun” estetikoa
Zer dugu eskola hau sortu eta mende batera? Zer da Bauhaus bera? Iruditegi kolektiboan erreparatuz, eta kokatzen naizen hirian begiratuz, brikolaje denda batek izen bera du. Jende askorentzat Bauhaus denda soil bat da. Arkitektoen artean, aldiz,“eskolarengatik” jaso dugun oinordetza Marcel Breuer-en “Wassily” bat altzari fetitxe moduan edukitzea da. Nostalgia, goraipen eta kritiketatik at, aurreko bi adibideak, Bauhausaren abstrazio bilakatu dira. Aitzitik, Wasily Kandinsky-ren hitz hauek gogorazi nahi nituzke: “mundua are beldurgarriago bilakatzen den bitartean, artea gero eta abstraktuagoa egiten da”. Eta, garai konbultso hauetan, eta testua justifikatu nahian, arkitektura abstraktua baino ez-kritikoa jorratzen dugu.