CALL FOR PAPERS. ALDIRI 31: “PARAMETRIKOKI”

irudia

Zortzi urte pasa dira Patrik Schumacherrek Parametricism – A new Global Style for Architecture and Urban Design manifestua idatzi zuenetik. Tesia potoloa: parametrizismoa omen modernismoaren oinordeko egiazkoa, berrikuntza sistematikoa eskaintzeko gai den ziklo, estilo, berria.

Mugimendu modernoak gizarte fordistari erantzuten bazion, kontsumo irizpide unibertsaldun masa-gizarte bati alegia, parametrizismoa gero eta konplexuagoa den gizarte post-fordista egituratzen duen estiloa ei da. Parametrizismoak ixten omen du, halaber, modernismoaren krisiak ireki zuen ziurgabetasun trantsizio-aroa, non postmodernismoa, dekonstruktibismoa eta minimalismoa «bizi laburreko gertaera» soil baizik ez ziren izan.

Hau guztia beti ere Schumacherren hitzetan, bere tesiak ez baitzuen inondik inora predikamendu orokorrik lortu. Izan ere, parametrizismoa ez da estilo bat; parametrikoki diseinatzeaz hitz egin genezake, proiektu baten zatien arteko asoziazio edo loturak modelatzeaz, alegia. Horregatik nahiago du Robert Aish aitzindariak modelizazio asoziatibo kontzeptua, diseinu parametriko popularragoaren aldean.

Edonola ere, Schumacherren boutadeak boutade, diseinu parametrikoaren berezko erraminta jotzen direnak bihurtzen ari dira arkitektura diseinuaren eguneroko ogi: animazioa, simulazio eta forma-bilatzaileak, BIM tresnak, prozesu algoritmikoak eta programazio lengoaiak, besteak beste. Diseinutik fabrikaziora, bai eta forma hauek gauzatzeko gai den teknologia gero eta demokratizatuagoa ere: fresatzaile, 3D inprimagailu, laser bidez ebakitzeko makina eta enparauak.

Eta tresna hauen inguruan, noski, parametrikoki lan egiten duen jende andana; kolektibo bat, berezko balio eta anbizioekin. Haiengana, haien proiektu eta lan egiteko moduengana hurbildu nahi dugu Aldiriren 31. zenbakian.
_

Honen inguruko hausnarketa, ikerketa edo proiekturen bati buruzko artikulua argitaratu nahi baduzu, bidali egiguzu 250-300 hitzetako laburpentxo bat landu nahi duzun gaia azalduz.

Laburpenak jasotzeko data: 2017ko APIRILAK 15

Artikuluak jasotzeko data: 2017ko EKAINAK 15

Bidalketak egiteko, zein zalantzak argitzeko, idatzi hurrengo helbidera:

aldiri.aldizkaria@gmail.com

aldiri aldizkaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude