3599 segundo

Errealitatea eta fikzioa. Batzutan zalantzak ditut bizi dugun hau benetakoa edo ametsetakoa den. Orokorrean, arkitektura ideietatik proiektatzen diren gauzatzeko fisikoak izanik plasmatzen diren tipologia batzuk oso barneratuta ditugu, gure egunerokotasunean daudelako, eta beste batzuk irudimenean sortzen ditugu.

Model espetxearen panoptikoa

Zorionez kartzelaren inguruan dudan irudia fikziotik(telesail, pelikula, liburutatik…) hartu dut. Hau deseraikitzeko Model espetxea (Bartzelona) bisitatzeko aukera izan dut. 1904.urtean eraiki zen eta presondegi eredugarria izateko helburua zuena, errepresio elementu bat bilakatu zen bere historiaren fase desberdinetan. Salvador Vinyals Sabaté eta Josep Domènech Estapà arkitektoen eraikinaren diseinu forma panoptikoan oinarritu zen. Sistema honek Jeremy Bentham epaile eta filosofo inglesaren ideietan du sorrera, zaingo eta kontrol sistema zorrotza ahalbidetzen duelarik(grezieratik pan “dena” eta opticon “begiratu”). Oinarri poligonal batetik abiatzen da, zaindariak bertan ezartzen dira, eta sei besoetan seirehun ziega kokatzen dira. 2017.urtean itxi zuten eta egun eraikina birmoldatzeko parte-hartze prozesuaren amaieran dago, espazio honen memoria, ondare arkitektonikoa eta hiritarren beharrak aintzat hartuta. Bertatik irtetzean sentsazio arraroa izan dut, tentsioz bizi izan baititut azken metro eta minutuak. Kode desberdin batek espazioa konfiguratzearen ondorioz.

Model oina

Model espetxeren erabilera berriaren proposamena

Arkitektura mota hau, espetxeak, gorputzak kontrolatu eta antolatzeko adibide bat izan da. Egun adoktrinatzeko dispositiboak, teknologia berriak medio, modu askoz difusoagoan jorratzen dira. Hala ere, “Gran Hermano” berriak hirietan loratu dira. Ez dira tipologia amankomunak, berriak dira, eta askok probatu ditugu: Escape Room-ak.

Espazio hermetiko eta apaingarriz betetako hauek tematika batean oinarritutako esperientzia bat eskaintzen dute. Hirien kanpoaldean kokatuak izan diren parte tematikoen bertsio murriztuak dira, ekonomikoki erraz kontsumitzekoak eta hiritarrendako eskuragarri. Haatik, gure gizarte kapitalistan jorratzen den arrakasta kontzeptuaren bertsio intentsoak dira. Bertatik denbora jakin batean, normalean ordu bat, baino lehen irten behar da eta horrela helburua betetzen da. Erabiltzeleek aurreprogramatutako gauzak egiten dituzte, talde lana eta aldi berean lehiakortasuna jorratuz, eta bitartean GH begiak dena kontrolatzen du. Kasu honetan arkitektura ez da existitzen bere forman, baizik eta, imajinarioa estimulatzeko dispositibo gisa funtzionatzen du. Fikzio mota berri honetan bakoitzaren errealitatetik irten eta deskonektatu baino gure bizitzaren mukuru intentsioa gauzatzen da. Gorputzak trebatzeko beste kode sistema bat.

Ander Zangitu Orbea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude