Telegrafoaren Bidea

AEBetako hiri baten bilakaeraz hitz egiten duen abestia da “Telegrafoaren Bidea” mitikoa. 14 minutuko iraupena (!) duen kanta ederra Mark Knopflerrek konposatu zuen eta 1982ko “Love over Gold” Dire Straitsen laugarren albumean argitaratu.

Gaia kontzertu-bira bateko autobus bidaian bururatu omen zitzaion gitarra-jotzaile eskoziarrari, Michigan estatuko Telegraph road delakotik, Detroit inguruko egungo US Highway 24 errepidetik, zihoazela.

US Highway 24 errepidea, Michiganen “Telegrafoaren Bidea” gisa ere ezaguna.

Badirudi garai hartan Knopfler irakurtzen ari zela Knut Hamsun nobel-saridunak 1917an idatzitako “Markens Grøde” (Lurrak emandako uzta) liburua, non lur basati batean landetxe bat sortzeko istorioa deskribatzen den. Era bertsuan, Knopflerrek Michigango Telegrafoaren Bidean hiri bat sortzeko istorio abestua konposatu zuen. Hirigintzako istorio bat, industria-hiri baten sorrera eta gainbehera poetikoki deskribatzen duena.

Monroe, Michigan, 1866an.

Horra letra, euskarara ekarria:

Telegrafoaren Bidea

Aspaldi, gizon bat ailegatu zen bidexka batetik,

zaku bat bizkarrean hogeita hamar milia ibilita,

eta bere karga utzi zuen onena zela pentsatu zuen tokian.

Bizitokia egin zuen naturan.

Etxola bat eta negurako biltegi bat eraiki zituen;

eta laku hotzaren bazter ondoa erein zuen.

Eta beste bidaiariak bidexkatik ibiliz etorri ziren;

eta jada ez ziren harago joan, eta ez ziren inoiz ere itzuli.

Orduan elizak etorri ziren, eta ondoren eskolak;

ondoren abokatuak etorri ziren, eta ondoren arauak.

Gero, trenak eta kamioiak beren kargekin etorri ziren.

Eta bidexka zikin eta zaharra Telegrafoaren Bidea bihurtu zen.

Ondoren meategiak etorri ziren, eta ondoren minerala.

Ondoren garai zailak, eta ondoren gerra.

Telegrafoak kanpoko munduaz kanta bat abestu zuen.

Telegrafoaren Bidea hain sakon eta zabal bihurtu zen,

dabilen ibaiaren moduan.

Eta nire irratiak dio gaur gauean izotza egingo duela.

Jendea lantegietatik etxera gidatzen,

sei erreietako trafikoa dago;

hiru errei motel-motel doaz.

Lanera joatea gustuko nuen, baina lantokia itxi dute.

Lana egiteko eskubidea dut baina ez dago lana aurkitzerik.

Hala da, eta esaten dute zor dena ordaindu beharko dugula.

Ereindako haziren baten uzta bildu beharko dugu.

Eta hegaztiak goiko kableetan eta telegrafoaren zutoinetan;

beti izango dute euri eta hotz honetatik urrun hegan egiteko aukera.

Haien kode telegrafikoan kantatuz entzun ditzakezu,

Telegrafoaren Bide osoan zehar.

Badakizu ahaztuko nituzkeela, baina gau horiek gogoratzen ditut;

bizitza argien arteko lasterketa bateko apustua besterik ez zenean.

Zure burua nire besagainean zeneukan, zure eskua nire adatsean.

Orain pixkat hotzago jokatzen duzu, axola ez balitzaizu bezala.

Baina niregan sinetsi, laztana, eta eramango zaitut urrun;

egunaren argira, iluntasun honetatik kanpo.

Itsasargien ibai hauetatik eta eurien ibai hauetatik urrun;

izen horietako kaleotan bizi den herratik urrun.

Zeren eta Memoriaren kaleko argi gorri oro bisitatu dut;

ikusi dut etsipena sugarretan eztanda egiten.

Eta ez dut berriro ere ikusi nahi.

“Barka, baina itxi dugu” dioten kartel horietatik urrun;

Telegrafoaren Bide osoan zehar daudenak.

Telegraph Road abestia, 1983ko Londresko Hammersmith Odeoneko kontzertu ezagunean, Alchemy albumean argitaratutakoa.

Unai Fdz. de Betoño

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude